2024 MAR. 17 IRITZIA Imajina ezazu Jokin Urain Kazetari, zinema aktore, epaile ohi eta abarrek Pablo Gonzalez kazetariaren egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko egin dituzten adierazpenak ikusgai daude bideo labur batean. Bi urte daramatza preso, zerbaiten beharra izango du, eta pentsatzekoa da esker onez hartuko duela berria jakiten duenean, eta esker onez hartuko zuen Pabloren bikotekideak eta familiak. Ez da gutxiagorako; garai honetan Polonian egin behar duen hotza egun osoa dardara batean pasatzeko modukoa izan litekeela pentsatzen dut, eta hotz hori beste inora baino errazago sartuko da espetxeko ziegara. Espetxeek bai baitute hori ere, hoztasuna alegia. Uda betean itolarria eragiteko adinako bero sapa sar daitekeen arren, giro atseginik nekez izaten da leku horietan. Areago bakarrik bazaude, eta etxetik urrun, etxerako bidea imajinatzeko baino urrunago baina horixe imajinatzen beti, ziegako atea nork, noiz eta zertarako zabalduko ote dizuten zalantzan. Espetxea ez da lau hormak ixten duten zuloa soilik, espetxea makineria oso bat da, bere logika absurdoarekin eta setioarekin ezinaren ezinez desegin nahi zaituena. Imajinatzen dut, beraz, zinema aktore, kazetari, epaile ohi eta gainerakoek egin duten keinuak epeltasun apur bat sentiaraziko diotela Pablori berria jakiten duenean, eta praktikan ez diote agian aterik zabalduko, ez du keinu horrek epaile eta kartzelari poloniarren bihotzik beratuko, baina itxaropenezko gotorleku bat eraikitzeko balioko diote, eta ez da gutxi ziegan bi urte daramatzazunean eta noiz arte ez dakizunean. Polonian preso daukaten Pablo Gonzalezi elkartasuna erakutsiz eta jasaten duen injustizia salatuz adierazpenak egin dituztenen artean dago Baltasar Garzon epaile ohi espainiarra, Madrilgo Auzitegi Nazionalean urte luzez arduratu dena ahal zuen euskal abertzale gehien atxilotzeaz, gero Euskal Herritik ahalik urrutien eta ahalik bakardade handienean espetxera zitzaten, etxekoekin, batik bat seme-alaba txikiekin edo adineko gurasoekin bisitak ahalik gehien zailtzeko helburuz. Pablo Gonzalezen egoera gizagabea salatzean, ikus-entzuleari zuzentzen zaio Baltasar Garzon: «Imajina ezazu zer den 24 hilabete pasatzea zure seme-alabekin hitz egin ezinik», dio epaile ohiak, eta kosta egiten zait imajinatzea mozorroaren ostean azaldu dezakeen aurpegia. Imajinatzen dut, beraz, zinema aktore, kazetari, epaile ohi eta gainerakoek egin duten keinuak epeltasun apur bat sentiaraziko diotela Pablori berria jakiten duenean, eta praktikan ez diote agian aterik zabalduko, ez du keinu horrek epaile eta kartzelari poloniarren bihotzik beratuko, baina itxaropenezko gotorleku bat eraikitzeko balioko diote, eta ez da gutxi ziegan bi urte daramatzazunean eta noiz arte egongo zaren ez dakizunean.