7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Biharamuna


Bizi eta berezi joan da martxoa. Herri zahar honen bihotzak taupaka zaratatsu egiteko modua izan du. Ederra izan da astindua.

Korrikarekin harro sentitu da herria, indar erakustaldi aparta eginez. Zenbat behar dugun norabide berean lurra elkarrekin zapaltzea, izerdi usaineko emozio kolektiboa sentitzea, indarrak zeinekin batu badugula sentitzea. Egunerokoan borroka bakartietan sartu ohi dugu burua eta hor ez da taldearen argirik ikusten. Korrikak gogorarazten digu txikien borrokak olatu oso handiak harrotzeko gaitasuna duela. Euskararen aldeko zoro zoragarriak. Eta txikia, bakarrik eta ñañar beharrean, ahaltsua sentitzen da argidun furgoneta baten atzetik korrika egiten duenean, zerbaiten parte sentitzen delako.

Euskal selekzioa ere ikusi dugu martxoan, aspaldiko partez. Herri baten taupada futbola den eromen builoso horretan. Ofizialtasuna urruna eta zaila izango dela jakin arren, une batean begiak itxi eta gure buruari amets kolektibo bat baimendu izan bagenio bezalakoa izan da. Ederra da jokalari puska horiek euskal selekzioaren kamisetarekin zelaian ikustea. Egiten duten distirak isla egiten du begira dituzten haur eta nerabeen begietan. Auskalo zenbat amets piztu dituen euskal selekzioak.

Martxoko asteburu berean ekitaldiak pilatu dira Euskal Herrian. Haur, nerabe eta gazte asko Bilboko San Mamesen egon dira egun batean, eta Baionan, hurrengoan. Euskaldun izatearen aparretan, pozik, argiak liluratuta, nahiz eta badakigun euskal herritar izateak ez duela oso maiz izaten halako brillibrilli-rik. Herri baten parte izatearen laineza ederra.

Ez diot distirarik kendu nahi, iduri dezake ez dakigula irabazten, galtzera kondenatutako toki batekoak bagina bezala, jende tristea.

Baina dagoeneko egun batzuk pasatu direnean -aparretan egoteko tartea eman eta gero-, berriro gogoratu behar genuke Korrika pizten duen metxa euskara dela, hor bildu den jendetzak partekatzen duen territorio komuna euskara dela, horrek lotu dituela herritar horiek denak errepidera. Korrika pasatu orduko euskara eranztea... ez dakit bada.

Eta euskal selekzioaren ametsa egia bihurtzeko, erabakiak hartzen dituzten bulegoetako ateak jo beharko dira, serio.

Euskaldunen leloa da ‘ezer ez eta festa’. Berriz ere aise dotoretuko dira Baiona eta San Mames nahi adinetan, baina begirada eta pausoa gehixeago luzatu beharko dira. Orain hemen gaude, biharamunez, ispiluaren parean, aurpegian brilli-brilliaren arrastoak ditugula.