2024 MAI. 05 ARKITEKTURA Espazio publikoaren begirada kritikoa Pentsatzen al dugu inoiz espazio publikoetan? Nahikoa izan edo berdegune eskasia izan, ondo erabiltzen ote dira? Oinarrizko eskubide horiek kontsumoaren truke soilik lor daitezkeen pribilegio bihurtu direla dirudi; adibidez, tabernetako terrazak eta kafetegiak. Pompidou Zentroaren (Paris) inguruko arkitektura arakatzen ibili ginenekoa. (Nekane Azpiazu Lejardi) Nekane Azpiazu Lejardi Badira dagoeneko bi urte espazio publikoa ikuspegi desberdin batetik bizi dudala. Lau hankan dabilen etxeko kide berriak, kalera hirutan nahiz lautan ateratzera behartzen nauenak -ez daki ondo zenbat eskertzen diodan-, egunero erakusten dit gure hirietako berdegune eskasia. Hausnarketarako tarte bilakatu dira niretzat kalean pasatzen ditugun ordu horiek guztiak, izkina batetik bestera erritmo lasaian egiten ditugun kilometro horiek denak; begien bidez sumatutakoak ematen dit zer pentsatua, burua bueltaka jartzeraino. Txakurra bera ere arrazaz aztarnaria izateak izango du nire izaerak detektibe urbano itxura hartu izanarekin zerikusia, baina ez da gehiegi behar kaleen diseinuen gorabeherez ohartzeko. Zorteduna sentitzen naiz zazpi bat zuhaitzek osaturiko lerro berde bat izateagatik etxetik ehun metrotara; horiek “ureztatzea” gure goizeroko ibilbidearen parte da, utziak dauden beste pare bat parterre busti ondoren. Arbola horien txorkoak betidanik nahiko tristeak izanagatik ere, behintzat zoladura gogorra ordezkatzen zuten azalera berde minimo batengatik, tarteka ustekabeko loreren bat oparituz. Azkenaldi honetan, ordea, zuhaitzak kautxoz inguratzea erabaki dutenetik, horiek bisitatzeari utzi diegu. Guk aurkituko ditugu zuhaitzak erosoago sentitzen diren inguruneak, baina zuhaitz lerroaren pareko bankuetan esertzen diren zahar-etxeko adinduek nekez ikusiko dute naturaren -horrela deitu ahal bazaio- mugimendurik. Lekuak atsegingarria izateari utzi dio. Eta gehitu beharra dago, lehen behintzat belarrak estaltzen zituela txakur jabe axolagabeek zuhaitz alboan jaso gabe utzitako gorotzak. Hausnartu ote da itxura batera ñimiñoa dirudien aldaketa horrek nolako eragina daukan espazio publikoko erabiltzaileen esperientzian? Egun ekimen ugari abian daude azalera horiei bizia emateko, urrunera joan gabe Donostiako ‘alkorke biziak’ gisakoak, zeinek ekosistemen babesleku izateko funtzioa daukaten, eta horrez gain bizidunen mugimendua eta kolorea oparitzen digute. Horrenbestez, espazio kolektiboa, batzuetan ez da hain kolektiboa. Hiriak bestelako ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izan dut Lou gure bidaien -eta bidaiaren- parte egin denetik. Zenbait eraikinetara eta establezimenduetara sarrera mugatua izateak kaleak dohainik eskaintzen digunaren esperientzia bizi ahal izan dut Madrilen zein Parisen, espazio publikoak erabiltzaileak benetan zaintzen ote gaituen frogatzen, eta behin baino gehiagotan gogoratu naiz Izaskun Chinchillaren “La ciudad de los cuidados” liburuarekin. Eraiki gabeko espazioa ere jarduera produktiboetara zuzenduta egoteak oso nekeza egiten du gaur egungo hirietan non eseri eta atseden hartu aukeratzea, komun publikoak erabiltzea, ura edatea edo euria ari duenean babestea. Oinarrizkoak diren eskubide horiek badirudi soilik kontsumoaren truke lortu daitezkeen pribilegio bilakatu direla. Kafetegietako eta tabernetako terrazak gure espazio publiko berria bihurtu dira, denonak diren tokiak pribatizatuz, eta kaleen diseinuan haiei lehentasuna emanez. Modu berean, leku gehienetan establezimendu horien eguzkitakoak dira aterpe klimatiko pribatu berriak euria egin nahiz eguzkia egon. Klimatik babesteko alderdiak aurkitzeko Louri jarraitu besterik ez dago, berak ere ez du gogoko bustitzea, eta are gutxiago gustatzen zaizkio bero handiko egunak. Bera ere kexu da gehiegizko zoladura gogorrez, eta gerizan geratzen diren pareta bazterretako lauzak aukeratzen ditu oinazpietako tenperatura arintzeko; ondo daki zer den eraikuntza materialen ondorioz sorturiko bero-uharte efektua. Txakurraren joerak berriz ere baieztatzen dit berdeguneen falta -tenperatura erregulatzaile estrategia moduan-, bere erara adierazten didanean ez duela berriro eguzkitara atera nahi. Niretzat ere deserosoak dira azkenaldian bizi ditugun bat-bateko tenperatura gorakadak, baina sikiera oinetakoak ditut lauza beroak zapaltzeko. Nabarmena da haren hankazpiko kuxinei itsasten zaien asfalto usaina, bero handiko egunen amaieran euriak sorturikoa bezala. Egoera horiek arintzen laguntzen duten esku hartzeen falta sumatzen da, edozein kale edo espazio atseginak eta bizigarriak egingo dituzten interbentzioak; eta, nola ez, espezie guztiak kontuan hartzen dituena, ekosistema anitzen eta orekatuen mesedetan. Ez daki ongi Lou txikiak zenbat eskertzen diodan espazio publikoaren begirada kritikoa zabaldu izana, eta batez ere bertan elkarrekin pasatutako denbora. Espazioak gure erara aztertuz, herrialde berrietako hirigintza eta diseinua ezagutzen jarraituko dugu. Eraiki gabeko espazioa ere jarduera produktiboetara zuzenduta egoteak oso nekeza egiten du gaur egungo hirietan non eseri eta atseden hartu aukeratzea, komun publikoak erabiltzea, ura edatea edo euria ari duenean babestea.