2024 MAI. 19 ARGAZKI ERREPORTAJEA Adimen artifizialetik sortutako izaki mitologikoak (Aritza Bergara) Aritza Bergara «Euskal Herriko ipuin mitologikoak» lana kaleratu berri du Aritza Bergarak Eguzkilore Liburuak argitaletxearen eskutik. NAIZ-GARArekin primizian eta eskaintza berezian eskuratu ahal izango da bi hizkuntzatan, NAIZ dendan, maiatzaren 17tik 26ra bitarte, 18,95 eurotan. Errealismo itzelarekin, Aritza Bergarak adimen artifiziala baliatu du euskal mitologiaraino iritsi eta liburuan aurki daitezkeen irudiak sortzeko. Gure artean bizirik diruditen pertsonaiak sortu ditu horrela, ipotxak, Mari edo Basajaun, kasurako. Testuak ere modu berean sortu dira, adimen artifizialaren bitartez. Mariren irudia kontakizunaren erdigunean jarri du sortzaileak. Hura da lurreko jainkosa, eta berea naturaren inguruko boterea, mitologiaren bihotza. Mariren ilea da Euskal Herriko mendietako haizea, haren begiak dira zeru gaineko izarrak eta bere irribarrea entzun daiteke errekastoak goitik behera datozenean. Gaueko izaki misteriotsu horien jokabideaz kezkatuta, sorkuntzaren botereei galdetu zien lurreko bizidunak nola babestu, eta honek sortu zuen eguzkilorea, gaur egun oraindik garrantzia handia duen ikurra. Euskal mitologiaren «boterea» bere horretan irudikatu du Aritza Bergarak, pasarte eta pertsonaia garrantzitsuenak erreskatatuz eta hauek biziberrituz. Mugimendu eta zehaztasun handiko irudiek ilustratzen dute «Euskal Herriko ipuin mitologikoak» liburua. Basajaun da, besteak beste, pertsonaietatik esanguratsuenetako bat. Aitor ehiztari gazteak ezagutu zuen lehenengoz, duela milaka urte, Euskal Herriko basoetan. Tamainaz bera baino handiagoa zen izaki hark sortutako hasierako beldurrak uxatuta, hainbat gauza ikasi zituen haren eskutik, hala nola sua nola egin, ehizarako trikimailuak eta baita zenbait kantu ere. Kondairak dioenez, Aitorren tribuko kideek Basajaunen arrastoak ikusi zituzten elurretan, eta haren kobaraino iritsi zirenean hil egin zuten. Handik aurrera basoan eta bakarrik bizi izan zen Aitor, Basajaunen memoria oroituz eta hark irakatsitako guztia mantenduz. «Euskal Herriko ipuin mitologikoak» lana euskaraz nahiz gaztelaniaz eskura daiteke maiatzaren 17tik 26ra bitarte NAIZ Dendan, 18,95 euroren truke. Ziburuko azokan aurkeztuko da datorren ekainaren 1ean, eta liburu dendetan ere eskuragarri egongo da 20 euroko prezioan.