7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Erortzeaz


S. apurgarria,

Noiz aldatu zenituen izarak azken aldiz? Ez baduzu erantzun nahi, galdetu zure inguruan; askorako ematen du. Bai, lurtarragoa izan behar zenuke, benetan poza zerk eragiten dizun bilatu, oreka emozionalik ez dagoela oroitu, arrandegian amona batek txanda ostu dizulako kexatu edo, ezinbestean, zure semeek ongien deklinatzen duten aditza “erosi” delako lotsatu. Zergatik tematzen zara beti eredugarria izaten, zugandik espero den erantzuna eskaintzen eta, batez ere, zugan topatu nahi zenukeena besteengan kritikatzen? Ez duzu ahalduntzerik gabeko zaurgarritasunik nahi eta, maiztutako bi hitz erabiltzeagatik iseka egingo didazun arren, min eman behar lizuke emozioei ere etekina atera nahi izateak. Zuri buruz ari zen U. enegarrenez estatua maitasunari gailendu zitzaiola idatzi zuenean. Ez dakit hausnartzen jarraitzen duzun ala aspaldi dimititu zenuen. Eskerrak semeak dauzkazun. Zuk zaintzen dituzula uste baduzu ere, bistakoa da beraiek babesten zaituztela zu. Ezin jakin non zeundekeen goizero esnatu, gosaltzen eman, jantzi eta eskolara eramango ez bazenitu. Bitartean, samurragoa da Itxaro Bordaren “Itzalen tektonika” irakurtzea, norbere lurrikarei aurre egitea baino.

Esadazu, bestela, nola litekeen lagunengandik inoizko gertuen sentitzea eta sekula baino gutxiago elkar ulertzea. Marjane Satrapiren “Broderies” berreskuratu behar zenukete agian, biribilean eseri, hitz egin eta, oroz gain, entzun. Entzun, epaitu gabe; entzun, arazoak gutxietsi eta irtenbideak gainbaloratu gabe. Nahi baino gehiagotan ahal duzuna egiten duzu zuk ere. Ez zara guraso izatean ultratrailetan hasi zirenak baino hobea. Ezer barneratzeko astirik gabe zabiltzalako nahi dituzu ihesbideak. Lekuetatik garaiz joan behar duzulako konbentzimenduak ez dizu lekuaren ederraz gozatzen uzten. Ez nekatu ziurtasuna transmititzen. Arraposturik ez dakizulako egingo dizut galdera: iraganak ala etorkizunak, zerk baldintzatzen dizu gehiago oraina? Emaiozu galdera ikurrari buelta, sartu kokospean, zintzilikatu zaitez eta utzi oinak airean mugitzeari. Lurtarragoa izan behar zenukeela errepikatuko dizut. Erortzen bazara, izan dadila jausi behar duzulako, ez indartsuago zutituko zarela dakizulako.

Erorien monumentua eraistea aldarrikatu dute bizi zaren hirian eta, zuk, noiz aldatu zenituen izarak azken aldiz?