2024 EKA. 09 IRITZIA Belarrizurtz Jokin Urain Norberarentzat garrantzitsua dena mundu guztiarentzat garrantzitsua dela uste izaten dugu askotan eta, halakoetan, gaiari ematen diogun garrantziaren arabera sendotu edo ahuldu egiten zaigu konbentzimendua. Arrazoiak hausnartzen igarotzen dugu denbora, eta belarrien bila, haiek aldarrikatzeko. Geure gustuak eta zaletasunak mundutar guztientzat baliozkoak eta onargarriak direla konbentzituta bizi gaitezke lasai asko, oker gaudenik pentsatu gabe egundo. Miresgarria iruditzen zait zenbaitek erakusten duen burmuin-aldamio tinkoa, lauan zutitu edo aldapan eraiki, edozein lurzorutan jarrita ere goiari tente eusten diona. Ederra baitirudi zalantzaren ahuleziarik gabe ibiltzea, inoren gomendiorik entzun beharrik gabe norberarena predikatuz. Bai baitira halakoak, eta laster nabarmentzen dira, erraz entzuten zaie, dabiltzan lekuan dabiltzala. Trenean edo autobusean tokatuko zitzaizun entzutea, edo tabernako terrazako mahaian. Egokia irizten dioten tokian denentzat azalduko dituzte edozer gairen nondik norakoak, izan mugikorretik ari badira, izan aurrez aurre edo alboan daukaten lagunarekin. Baina ez dira belarri premian dabiltzan bakarrak; kazetari eta berriketari profesionalen artean gauzatzen den ariketa ez da beti oso ezberdina izaten. Norberarentzat funtsezkoa denak guztientzat ezinbestekoa izan behar duela pentsatuz aritzea ez da, gainera, han edo hemen bitxikeria moduan gertatzen den anekdota, egunero eta edonon normala balitz bezala ematen den gauza baizik. Geure esan beharrekoa hurkoaren belarrira gabe galduko ote den beldur, albokoa ozen ari bada are ozenago esan behar norberarena. Azkenean elkarri oihuka aritzea da, entzun gabe entzunarazi beharra, eta ahal den bolumen handiena eman horretarako, bestearen bolumena isilarazteko adinako oihartzuna izan dezan. Albokoak, ingurukoek eta urrunagokoek entzutea nahi baitugu. Baina belarrizurtzak gara. Geurea entzungo digun belarri handi baten premia gorrian bizi gara, geure arrazoi sakonez betetako motxilekin alderrai, geure berriketen garraio. Geuk, ordea, ez dugu interesik inoren kontuak eta lantuak entzuteko; besteen gai garrantzitsuak aspergarri egiten zaizkigu. Geureak aldarrikatzea baizik ez dugu nahi, zein garrantzitsuak diren ohartu daitezen behingoz hurkoa eta mundua. Norberarentzat funtsezkoa denak guztientzat ezinbestekoa izan behar duela pentsatuz aritzea ez da, gainera, han edo hemen bitxikeria moduan gertatzen den anekdota, egunero eta edonon normala balitz bezala ematen den gauza baizik.