2024 EKA. 09 ARKITEKTURA Bourse du Commerce, Les Halles-eko bastioia Bourse du Commerce eraikinak hainbat eraldaketa izan ditu denboran zehar eta bost mendeko historia eta arkitektura-aukera islatzen ditu. Bere azken eraberritzean lortu du ondarea eta sorkuntza garaikidea, iragana eta oraina batzea. Bourse du Commerce eraikinaren irudiak, Viarmes kalean kokaturik, Parisko 1. barrutian, eta gaur egun museo bihurtua. (Naia Azkuenaga Duran) Naia Azkuenaga Duran Parisko Les Halles auzoan kokatutako izen bereko parkea historian zehar kritika asko jaso izan dituen gunea da. Espazio honen lehen eraldaketa prozesua XIX. mendean hasi zenetik gaur arte iraun du kritikak. Garai hartan, Erdi Aroko auzo oso bat bota zuten, bertako orubeetan Parisko merkatu zentrala eraikitzeko asmoz. Gaur egun hiriko berdegune sarearen barnean puntu esanguratsuenen artean dago. Han mantendu diren eraikin bakarrak Saint-Eustache, Erdi Aroan eraikitako eliza, eta XVIII. mendeko Halle aux blés (gaur Bourse de Commerce) dira. Azken honetaz arituko gara. XVI. mendean leku berean eraikitako Hôtel de la Reine Catalina de Medeciren jauregia izan zen. Eraikina XVIII. mendean eraitsia izan zen arren, jatorrizko eraikinaren zutabeak lekuan mantendu ziren eta gerora leku berean kokatutako eraikinean berrerabiliak izan ziren. Garai horretan, hirian barrena hirigintza plan ezberdinak garatzen ziharduten. Hiriaren erdigunea garai berrietara moldatzeaz gain, biztanleriaren handitzeak zekarren zerbitzu berrien kokatzea bilatzen zuen. Les Hallesko gunea ez zen gutxiago izan. Garai berrien irudia zen hiri antolakuntzaren eredua izan zen gune hau, eta jatorrizko eraikinaren orube berean errotonda formako eraikin berria aurreikusi zen, Halle aux blés, Parisko gari merkatua bertan ezarriz. Hau da gaur egun mantentzen den eraikinaren hasiera. Jauregi zaharraren zutabeak erabili zituen eraikinak. Hasieran zirkunferentzia forma duen eraikin honen erdigunea estalki gabe diseinatuta bazegoen ere, laster egurrezko egituradun kupula batez estali zen. 1813an, sute tamalgarri baten ondorioz, berritu egin behar izan zuten, gaur egun arte mantendu den burdinazko eta kristalezko kupulak aurrekoa ordeztu zuela. Gari merkatuak XIX. mendean itxi zituen bere ateak. Honek erabilera berri bat ekarri zuen. 1889an eraikina berriz ireki zen, bertan Bourse de Commerce kokatuz. Erabilera berri honetarako Henri Blondel arkitektoak birgaitze proiektua diseinatu zuen. Erdiko gunea eta kupula mantendu eta zentralitate hori indartu nahian, erabilera berriari hobeto moldatzen zitzaizkion akabera berriak erabili zituen. Kupularen oinarrian, egun mantentzen den 360 graduko margoa diseinatu zuen, artista ezberdinek zuten mundu berriaren irudia irudikatu zezaten. Hala ere, aldaketa handienak fatxadetan egin ziren; gaur egungo sarrera, adibidez. Eraikin honen azken eraberritzea 2006an hasi zen, zenbait urte itxita pasatu ondoren, Pinault arte bildumako erakusketa gune berrian jartzeko erreformari ekin ziotenean. Ateak 2020. urtean ireki zituen espazio berri honen diseinuaren ardura Tadao Ando Architect & Associates, Pierre Antoine Gatier eta NeM Architects-ek hartu zuten. Elkarlanean, Les Hallesko historian garrantzitsua den espazioa publikoari irekitzeko programa berria txertatu behar izan dute. Eraikinak bizi izandako eraldaketak aztertu eta horri balioa ematea helburutzat izan du proiektuak. Hau dela eta, esku hartzean ez da eraikinaren kanpoko azala ukitu, eta programak behar zituen espazio berriak errotondaren barnean zein sortutako sotoan txertatu dituzte. Museoak behar dituen erakusketa gelak eraikin originalean kokatu dituzte. Erdigunean kupulari garrantzia emateko asmoz, hormigoizko zilindro bat txertatu dute barnean. Eta horren azpian, sotoan, auditorioa, erakusketa gelak eta museoko langileentzako guneak. Goiko partean ordea, espazioa hustu du diseinuak. Zilindroaren erdian geratzen den espazioko lurrean ispilua jarri eta XIX. mendeko kupula eta horren inguruko margoak eraikinaren zentro bihurtu ditu. Elementu honek, arkitekturaz harago, museoaren beste pieza bat izango balitz bezala funtzionatzen badu ere, espazio ezberdinen arteko komunikazio elementu modura ere jarduten du. Erakusketa gelaz gain, era originalean mantendu den eraikinaren goiko solairuan jatetxea ipini dute. Bertatik eraikinak, bere kokapenak duen garrantzia islatzen du. Leihoetatik Les Hallesko parkearen bista orokorra edukitzeaz gain, hiriko arte eta arkitekturaren beste mugarri baten artean elkarrizketa interesgarria aurkezten du, Pinault arte bilduma eta Pompidou zentroaren artean existitzen den ardatza irekiz bisitariei. Bourse du Commerce proiektuari ekitean, diseinatzaileek argi zuten eraikina Parisko hito berria izatea nahi zutela. Bertan egindako esku hartzeak artearen eta arkitekturaren arteko muga lausotzeaz gain, museoaren atrakzio nagusia bihurtu da. Espazioak duen irudiaz lagundurik, sare sozialetan ezagutzera eman da, espazioa publiko ezberdinetara ireki eta hiriko mugarri berria bihurtuz.