2024 EKA. 16 GURE GAILURRIK BISITATUENAREN OROITZAPENAK Larhungo bentak, Euskal Herriko begi Euskal Herriko begia da Larhun mendia. Pirinioetako lehen gailurra. Goitik gure aberriko gailur garaienak ikusten dira. Baita Kantauri Itsasoa, Lapurdiko kosta eta Landak ere. Frantziako aristokraziak eman zion distira, Eugenia de Montijo enperatrizak gailurretik «Espainia» ikusi nahi zuelako bere begiekin. Kremailera-trenaren lehen hazia izan zen, eta II. Mundu Gerran tontorra alemaniarren espioitza begia izan zen. Telekomunikazio begiak iritsi ziren gero, eta gailurreko bentetara igo direnen milioika lagunen begiak ondoren. Hango begi izan dira azken lau hamarkadatan Iñaki eta Joserra Mitxelena Berako anaiak, Larun-Gain Bentan. (Larhungo treneko artxibo historikoa) Andoni Urbistondo • Argazkiak: Larhungo treneko artxibo historikoa eta Andoni Urbistondo Historia aberatsa dauka oso Larhun mendiak. Hasteko, hiru izen ezberdinekin deitzen zaio, toki batean edo bestean galdetu. Ofizialki Larhun da bere izena, eta 905 metro ditu. Hala esaten diote Nafarroako Bera herrian, “r” bakarrarekin. Bortzirietatik kanpo, Hego Euskal Herrian, Larrun esan ohi zaio, eta Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean, aldiz, La Rhune izena hartzen du. Rhune hitzeko “ü” hizkia zubererako ahoskerarekin esaten dute. Hitz aniztasunari, datu aberats esanguratsua: urtero milioi bat lagun pasa igotzen da Larhun gailurrera. Askogatik, Euskal Herriko gailur bisitatuena da. Kremailera-trena daukan bakarra ere bada, Pirinioetako bietako bat (bestea Vall de Nurian dago, Katalunian), eta tontorrean hainbat benta dituen bakarra ere bai. Bertaratzen diren gehienak frantsesez mintzatzen dira. Ipar Euskal Herrikoak dezente, baina frantsesak ere bai asko. Izan ere, Larhun eta bere kremailera-trena ikurrak dira Estatu frantsesean, Eiffel Dorrea Parisentzat ikur den neurrian. Lehen mailako toki turistikoa. Eta jende olde horren usainean, II. Mundu Gerra ostean eraikitakoak dira bentak. Bitxikeria moduan, esan Larhun mendiak Nafarroa eta Lapurdi banatzen dituela. Kremailera-trena, baina, Lapurdin dago, Sara eta Azkaineko lurretan, eta gailurreko hiru bentak Nafarroako lurretan, Beran. Santinazio lepoko geltokia. Mendian zulatutako harkaitza. Lehen benta 1926an ireki zen, Capdupuy kafea. Ondoren Imperator hotel ezaguna eraiki zen egun telekomunikazio antena dagoen lekuan, 1930. urtean, baina II. Mundu Gerra hasi zenean itxi egin zen hotela (1939). Gerrak iraun zuen bitartean, naziek izan zuten gailurraren kontrola, hegazkin etsaien kontrako bateria instalatu zuten bertan, eta baita radar handi bat ere, irrati emisioen zaintza eta hedapena ziurtatzeko. 1944ko abuztuaren 21ean utzi zuten alemaniarrek Larhun, eta joan aurretik instalazio guztiak eztandarazi zituzten, baita Imperator hotelaren azpiegitura nagusiena ere. Handik hiru urtera, 1947an, Imperator hotelaren errestoekin bi eraikin egin zituzten: kafetegi txiki bat, bata, eta tragoxka bat edan eta zerbait jateko beste borda moduko bat, bestea. 1960 urtera arte iraun zuten biek. Juan Peña beratarrak sumatu zuen han goian bazela negozioa, eta Garinen Itxola delakoa alokatu zuen, gailurretik 500 bat metrora. “Bar Español” izena jarri zion, kremailera-trenean igotzen ziren frantziarrei zerbitzua emateko. Español tabernan, jan eta edanaz gain, salerosketa handia egiten zen: kontserbak, espartinak… Horiek mandoen bitartez igotzen ziren Beratik gailurrera, xenda estu batean barrena. Salmentak hazi zirenean, Peñak egurrezko eraikin handiagoa altxa zuen, gailurretik gertu, Eugenia de Montijo zenak Larhunera 1.859an egin zuen igoera gogoratzen duen obeliskoaren ondoan, hain zuzen ere. 27 urte zituen orduan Peñak, eta haren aginduetara aritu zen luze sukaldari Anttoni Lizardi arantzarra. Anttoni Iñaki eta Joserra Mitxelenaren ama da, eta bere eskutik hasi ziren semeak lanean Larhun tontorreko Larun-Gain bentan: «Juanito Peñaren aginduetara [Juan-i Juanito esaten diote bi anaiek]. 1984a edo 1985a izango zen. Aurten 40 urte egingo ditut», dio Iñaki Mitxelenak. Duela hiru urtetik Larun-Gain bentako nagusia da Iñaki, Juanito Peñaren senideei erosi baitzien negozioaren aukera. Joserra anaiak azaltzen du ondo nola hasi ziren Larun-Gain bentan lanean: «Berakoa bazinen oso ohikoa zen eskola bukatuta, udan, Ibardin lepoan eta Larhungo bentetan lan egitea, sos batzuk lortzeko. Dendetan edo ostalaritzan. Ni eta ikasketak ez ginen ondoegi moldatzen, eta amak azkar esan zidan: ikasteko balio ez baduzu, lanera bentara nirekin. Eta hala izan zen; 15 urte bete berriak neuzkan orduan». Eugenia de Montijo enperatriz ezaguna. Miarritzera egiten zituen bisitetan ezagutu zuen Larhun gaina. Hiru iturrietako bidegurutzean. Geltoki zaharra, garaiko auto bat ikusten dela. Kremailera-trena 1924an hasi zen martxan, baina bere zerbitzua eten egin zen II. Mundu Gerran, arestian aipatutako nazien kontrola medio. Gatazka bukatuta, baina, jende oldea hasi zen Larhunera bertaratzen. 1958an aparkalekua egin zuten Santinazio lepoan, Sara eta Azkaine artean. 1980an martxan zeuden bi kremailera-trenei hirugarren bat gehitu zieten, eta 1996an laugarrena. Tren bakoitzak 120 lagun garraiatzen ditu lepo doanean, 35 minutuan, lau kilometro eta erdiko bide sigi-sagatsuan, eta tren bakoitzak egunean dozena erdi joan-etorri egiten ditu gutxienez. 350.000 lagun inguru eramaten ditu trenak tontorrera urtero, martxoan hasi eta azaroa bitarte. Kopuru horren bikoitza oinez igotzen da tontorrera. Tamainako jendetzak gailurreko bentak sortu zirenean baino askoz handiagoak izatea ekarri zuen. Kremailera-trenean igotzea erakargarria zelako, baina tontorrean lasai egon eta jan-edana egitea ere bai. Larhun Euskal Herrian ikusmira aberatsenetakoa duen mendietako bat da. Pirinioetako lehena da Kantauri itsasotik hasita, mendebaldetik ekialdera, eta ez dauka tontor garaiagorik gertu. Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia eta Orhyko Kukulla, Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako Bortuetako gailur garaiak ikusten dira gertu. Baita Nafarroa eta Gipuzkoako mendi eta bailarak, Kantauri Itsasoa eta Lapurdiko kostalde osoa, eta Aturri ibaiaren itsasoratzea ere Baionan. Landak ere ostertzean galtzen dira, bukaera sumatu ezinik. EUGENIA DE MONTIJOREN HAZIA Geografikoki kokapen ezin hobea du Larhunek, baina bere ezagupenean faktore garrantzitsuagoa izan da emakume aristokrata batek eman zion sona: Eugenia de Montijok. Frantziako enperatriz izandakoak; Napoleon III Bonaparte enperadorearen emaztea izan zen (Napoleon enperadorearen iloba). Biarritzen, Lapurdiko kostaldean, egonaldi luzeak egiten zituen. 1873an, Napoleon III. enperadorea zendu zenean, Biarritzeko Cymos Jauregian egin zituen egonaldiak enperatrizak (Cymos, Korsika grezieraz), eta ostera, XX. mende bukaeran Villa Eugenia bezala ezagutzen zen jauregian; egun “E” hizki maiuskula itxura duen Hotel du Palais ezaguna zen Villa Eugenia; 1854an agindu zuen Napoleon III. zenak jauregi hori eraikitzeko. Bizkaiko Gautegiz Arteaga herriko Arteaga gaztelua eraberritzea ere agindu zuen Eugenia de Montijok. Izen handiko aristokrata zen Montijo; enperadorearen emaztea eta garai hartako erreferentzia bizitzako hainbat arlotan. Frantziaren garaiko erabaki politikoetan eragina izan zuen, bere senarra zena aholkatuz, eta Suez-ko kanala eraikitzeko lanetan ere erabakigarria izan zen bere parte hartzea (Egipto, 1869). Fernando de Lesseps ingeniaria Eugenia de Montijoren lehengusua zen, eta enperatrizak babes handia eman zuen oraindik orain aro garaikideko ingeniaritza-lan handitzat jotzen den hura eraiki zedin. Biarritz aristokraziaren erdigune bilakatu zen Eugenia de Montijoren bisitekin. Lapurdiko kostaldeko patxada maite zuen bezala maite zuen Espainiako bere jaioterria Montijok (Granada, 1826), eta hegorantz begiratzen zuenean bere jaioterri maitatuarekin gogoratzen omen zen. Espainia, noski, Larhun mendiaren hegoan zegoen. 1859an Larhunera igo zen mando gainean bere kohorte guztiarekin. «Espainia hobeto ikusteko» nahia eta naturaz gozatzeko asmoa plazaratu omen zuen Montijo enperatrizak gailurrean. Obelisko bat ere paratu zuten bere omenez. Egun hori izan zen Larhungo kremailera-trenaren eta benten arrakastaren sorburua. 1925 urteko argazkia, Santinazio lepoko geltokiarekin. Trois Fontaines bidegurutzeko egungo erretratua, hainbat trenekin. Bere bizipenak Frantzia osoan barrena barreiatu ziren, noski, eta Paristik Biarritzera bisitan etortzen ziren askok Montijoren ekintza bera errepikatu zuten. Larhunek halako magia zergatik ote duen galdetuta, hipotesi hau bota dute Mitxelena anaiek: «Paristik Biarritzeraino ez da mendi bakar bat bera ikusten. Paristarrek ez dute mendirik ezagutzen, eta Biarritzera iritsi eta Larhun da ikusten duten lehen mendia: hain gertu, hain handi; maitemindu egingo ziren. Hortik, mendiak izan duen sona handia», dio Iñakik. Joserrak datu bitxia eman du: «Larhun Lapurditik ikusten da batez ere ondo, handi, beste mendirik ez baitauka inguruan. Beratik ez da hain dotorea, beste mendi batzuk dituelako inguruan. Gailurrean dauden antena eta eraikinei esker ere ikusten da urrunetik. Frantziako Sud-Ouest-era, hego-mendebaldera etortzen diren askorentzat Larhun mendia ikur bat da, derrigor ezagutu beharreko tokia». Larhunen indarra neurtzeko, detaile kuriosoa bota dute: mendiko ipar isurian dauden bi herrietako, Azkaine eta Ainhoako, ia etxe guztiak Larhunera begira eraikiak omen dira. ZAMA LANEN BILAKAERA Mandoak, astoak… animaliak erabili zituzten zamak mendi gailurrera garraiatzeko. Ez bakarrik saltzeko produktuak, baita eraikitzeko materiala ere. Juanito Peñak, animaliena garraiobide mantsoa eta urria zela iritzita, hura hobetzeko sistema sortu zuela kontatzen du Iñakik: «Peñak ezagutza handia eta harremana zeukan bertako baserritarrekin, eta Berako Mendiondo baserrikoei proposatu zien bere ideia. Haiek onartu egin zuten, eta 1950 urte inguruan kable sistema bat sortu zuen, 12 kaiola txikirekin». Zegoen negozioa osatzeko tramankulu nahikoa ez, nonbait, eta 1965ean altzairuzko kable bat erabiltzen hasi ziren, kaiola bakarrarekin. Tona bat garraiatzeko gaitasuna zeukan kaiola horrek, eta gaitasun horrekin, komunikazioa bezala indartu zen komertzioaren eskaintza ere Larhun gainean. Juanito Peñak telegrafo itxurako telefono batekin ohartarazten zien bailaran zain zeudenei kaiola gailurrera bidaltzeko. «Guk denetik ikusi dugu kaiola horretan garraiatzen: pertsonak, animaliak, produktuak, materiala… Harrigarria zen iristen zen aldiro, eta iritsi orduko denak jartzen ginen lanean hustu eta berriro behera bidaltzeko». Telekomunikazio antena. Joserra eta Iñaki Mitxelena anaiak. Lehengaiak igotzeko erabiltzen zuten tona bateko kaiola iristen zen tramankulua. Joserra eta Iñakiren gurasoak. 2005. urtera arte egon zen indarrean sistema hori, eta azken bi hamarkadatan gaiak orotariko autoan garraiatzen dituzte gailurreraino, Berako Kaule auzotik tontorreraino igotzen den pista batetik. Pista hori 1973an eraiki zuten, baina goraino igotzeko ezinbestekoa da orotariko autoa. Gailurrean dauden bentetako langileek bakarrik dute goraino igotzeko baimena, eta pista nahiko hautsia eta arriskutsua dago azken kilometroetan. LAN MOLDEA 900 METRORA Larun-Gain bentan martxotik azarora arte aritzen dira jo eta su: «Neguan jende gutxi bertaratzen da gailurrera, eguraldia txarra izaten delako. Udan ere sarri lainoak bereganatzen du gailurra, eta horrek erabat baldintzatzen du jendearen etorrera. Urte erdian aritzen gara bete-betean, eta gero beste urte erdia lasai, aurreztutako sosekin». Eguraldia eguzkitsua denean, lan handia izaten da bentan. Iñaki Mitxelena: «Kremailera-tren bakoitzean 120 lagun iristen dira ordu erdiz behin, bi tren txanda bakoitzean. 240 lagun aldi oro. Horri oinez datozenak gehitu. Trenetik jaitsi eta bentara etortzen dira zuzenean trago bat hartzera, zerbait jatera edo oparitxoren bat erostera. Bazkariak ematen genituen garaian ilara bat egiten zen eta paella prest zutenean deitu eta zerbitzatzen genien bezeroei». «Ematen genituen», esan du Iñakik. Egun dagoeneko ez baitituzte ematen: «Negozio moldea anitz aldatu da hasi ginenetik hona. Hasieran hemen bazkari piloa egiten zen. Paella zen gure plater estimatuena, eta Ipar Euskal Herriko eta Frantziako jendeak ez zuen besterik eskatzen. Gailurrera etortzen den jende ia guztia Ipar Euskal Herrikoa eta Frantziakoa da, %90etik goiti. Asko Lapurdiko kostaldera oporretan etortzen diren Parisko eta beste hiri handietako herritarrak. Paellak kutsu exotikoa du, nonbait, eta, Espainiako plater ezaguna den neurrian, horixe eskatzen zuten». Bezero ohiturak asko aldatu dira azken urteetan: «Egun dagoeneko ez dugu bazkaririk ematen. Bisitariek ogitarteko bat edo pintxo bat jaten dute, baina ez dute egun pasarik egiten bertan, iraganean egiten zen bezala. Iraganean, paella ematen genuenean, ardo botila piloa edaten zen eta jendea, noski, presarik gabe egoten zen lasai tontorrean. Azken urteetan aldatu da hori, eta bere janaria ekartzen duenik ere bada». Pandemia ondoren, tren konpainiak bi ordura mugatzen du gehieneko egonaldia gailurrean. Alegia, 12etan iristen bazara gora, 14.00ak inguruan abiatzen den trena hartu behar duzu derrigor, Santinazio leporaino bueltatzeko. Horrek, noski, bazkaltzera geratu nahi duen bezeroa urruntzen du. Mitxelena anaiak, noski, ez daude ados treneko jabeek hartu duten erabakiarekin. Ohitura aldaketak aldaketa, mugimendu handia izaten da bentetan eguraldia ona denean. Joserra Mitxelena kaiola bidaltzeko eskatzen zuten telefonoaren antzeko tramankulutik mintzatzen. Iñaki anaiarekin, bizikletan, Larun-Gain bentako atarian. Iñaki bentako jabea da egun, eta udan 22 langile ere izaten ditu beharrean. Lau hamarkada luzetan denetarik bizitakoak dira Mitxelena anaiak, eta horietako pasadizo batzuk kontatu dizkiote 7Kri: «Batzuetan lana bukatu eta herrira bueltatzen ginen, atseden hartzera, besteetan hemen bertan lo egiten genuen, amarekin. Berak Larun-Gain bentan zuen logela, lan parrasta egiten baitzuen egunero-egunero». Juanito jabeak halako sistema berezia zuen lan txandekin: urdinez margotutakoak herrira jaisten ziren eguneko lana bukatuta, eta gorriz zeudenak gailurrean geratzen ziren. «Jakina, denek nahi genuen herrira jaitsi, han giro hobea dagoelako, eta Juanito zenaren lan txandak kuxkuxeatzen aritzen ginen bera ohartu gabe. Lan txandak bilatzen bagenituen, eta herrira jaisteko txandan geundela jakin, adar jotze latzak egiten genizkien goian geratzen ziren lankideei». Juanito Peña ugazaba zorrotza zela diote bi anaiek. Joserra: «Asko eskatzen zuen, diziplina militarra zeukan ia-ia. Sarri esaten zuen lana osasuna zela, eta hala ikasi genuen guk. Gero, eskertua zen gure lanarekin». Esana da Larun-Gain benta handitzen joan dela urteen joan-etorrian. Egun hiruzpalau pisu ditu, eta tabernaren, jantokien eta dendaren tamaina ikusita jabetzen da bisitaria bentan izaten den mugimendu handiaz. Joserrak historia pixka bat gogoratu du: «Larun-Gain eraikuntza erraldoi bat da, harriari itsatsia dago gaina, baina azpiko aldea ikusgarria du. Orubeak oso sendoak dira, eta horrek laguntzen du jendea jasotzen. Merezi luke museo moduko bat egitea hemen, historia handia baitago bertan». Museoaren gaiarekin jarraitzeko eskatu diogu, gogoak hala eskatzen diola ohartuta: «Fernando Redon arkitektoak egin zuen proposamena, 1959an: ‘Mirador del Larhun’ deitu nahi zion. Nafarroako arkitekturaren erreferentzia zen bera, aitzindari bat, eta arkitektura modernoa egin zuen, baina erregionalismora hurbilduta. Gaur itxita dauden begiratoki horietako alde batetik Hondarribia ikusten zen, kostaldea, eta bertzetik Pirinioen ingurua bistaraztea ahalbidetzen zuen». ANEKDOTAK Deigarria da Larun-Gaineko dendako txoko bat, non Andaluziako dantzarien jantziak eros daitezkeen. Horri buruz galdetuta, Iñakik dio Estatu frantsesean badela oraindik halako ikuspegi folkloriko bat, eta hango bisitari batzuek eskatu egiten dituztela halakoak, mugaz bestalde ohikoak direlakoan. Aspaldiko arropa eta tresna zaharrak dituela azpimarratzen du, berezitasunik ez dutenak beretzat: «Juanito Peñak saltzen zituenez, hor utzi ditugu, eta saltzen dira oraindik». Joserra anaiak badu anekdota polit bat horrekin: «Sarako alkate izan zena etorri zen bentara, eta bera han zela, bezero batek halako jantzi bat eskatu zuen. Joan nintzen bila. Halako kako batzuetatik zintzilikatuta daude, eta jantzi bat jaisten ari nintzela, kakoak ihes egin eta Sarako alkatea akabatu nuen ia-ia. Susto latza hartu genuen!». Estraperloarekin edo politika kontuekin komeriak izan ote dituzten ere galdetu diegu Mitxelena anaiei, eta ezetz erantzun dute: «Gu hasi ginenean, 80ko hamarkadan, estraperlorik ez zegoen apenas». Politika kontuekin ere arazorik ez: «Jendarmeak eta Polizia etortzen dira tarteka, baina ez dugu arazorik izan denboretan, muga isilpean pasatzeko bideak beste batzuk zirela argi baitugu. Hemen heliportua dago, eta egun batean, guri abisatu gabe Jendarmeriako helikoptero bat etorri eta lur hartu zuen. Benta jendez lepo genuen, eta askok susto ederra hartu zuten». 2021etik hona Iñaki bentako jabea bilakatu da: «Duela hiru urte erosi nien Juanito Peñaren senideei. Negozioa eramaten dut orain eta urte luzeetan egindako ahalegin eta lanaren ondorioa dela sinesten dut, oso pozik nago». Iñakik kudeatzen dituen zenbakiek arreta ematen dute, potoloak baitira: «Udatik kanpo 11 langile ditut, baina uztailean eta abuztuan bikoiztu egiten da lantaldea: 22 lagun aritzen gara egurrean». Zenbaki bilduma egiteko, Larhun gailurra urtero bisitatzen duen lagun kopurua gogoratzea baino gauza hoberik ez dago: milioi bat pertsona urteko. Milioi bat, sei zero. Zenbaki handia. Larhun bera bezala. Joserra Mitxelena: burdinazko gizona Joserra Mitxelenak istorio benetan bitxia dauka. Ostalaritzan murgildua betidanik, sukaldari jardunaren arra sartu zion Anttoni amak gaztetatik: «Ama izen handiko jatetxeetan ikasia eta ibilia da, Ziburuko Zokoa auzoko Chez Margot-en adibidez, eta bere bidea jarraitzea erabaki nuen». Hainbat tokitan aritu izan da Joserra sukaldari gisa, halere, urte gehien Iñaki anaiarekin batera Larun-Gain bentan igaro ditu. 20 urte zituela istripu larri bat izan zuen autoan, eta gorputza hautsi zuen goi-behe. Heriotzatik justuan libratu eta gurpildun aulkian eman zituen hilabete asko, eta ondorengo urteetan hogei ebakuntza egin dizkiote hanketan, horietako asko Pedro Guillen mediku ezagunak egindakoak. Istripuaren ondotik ez zela berriz ibiliko esan zioten mediku zenbaitek, baina ez zuen etsi, eta bizikletan bilatu zuen indarra, istripuari gogor egin eta berriro ibiltzeko. Baita aurkitu ere. Joserra egun askotan igotzen da Berako bere etxetik Larrun tontorreraino mendiko bizikletan: motor elektrikoa duen galdetuta, zuzen eta ozen erantzuten du: «Ez,ez! Motorrik gabe». 8-10 kilometroko bide aldapatsua da oso, eta ordubetetik gora behar du goraino igotzeko. Ikaragarri sufritzen omen du %20tik gora egiten duten malkarretan, «baina bizikleta da bizitzara bueltan ekarri ninduena, eta ezinbesteko konpainia da niretzat». Burdinazko gizona da, hala deitzen diote Berako lagunek, burnizko gizona, gorputzean oraindik burdina atal batzuk badituelako, burdinazko lagun mina alboan izaten duelako sarri, eta aurrera egiteko bere borondatea ere sendotasun berekoa delako.