2024 EKA. 23 LUMA BERRIEN AZTARNAK Jarleku ahaztuen asanblada Kristina Fernandez Stefy Ezeiza Jarlekuak eta jarlekuak daude, era guztietakoak dira: badira bertan esertzekoak, etzatekoak, edota eseri eta etzatekoak; aulkiak, bankuak, dibanak, sofak...; tamaina, forma eta kolore guztietakoak dira; badira diseinu minimalista edo rokokoa dutenak, berriak edo zaharberrituak... Gaur, ilargi beteko gau honetan, Montmartre auzoan, elkartu egin dira gizakiak lo dauden bitartean. Lehenbizikoz hamaika pieza ausart etorri dira, beraiek galdutako protagonismoa hitzen bidez berreskuratzeko asmotan, eta beraiek testigu izan diren pertsonen pasadizo, abentura eta bizipenak partekatu dituzte. Hasieran, denak lotsaturik, zirkulu bat osatu dute alkoholiko anonimoetako bileretan egiten den bezalakoa, edota aulkien jokoan jolasterakoan. Behin akelarrea osaturik, ez dakite biltzarrak nola jarraitu beharko lukeen. Egurrezkoa den eta jarleku arrosa duen aulki bat hasi da bere historia kontatzen: Nik lau bizitza izan ditut. Urdina nintzen jatorrian, baina nire azkeneko ugazabek arrosa suabez tapizatu ninduten. Hemengo auzokidea naiz, eta atzora arte kalera ematen zuen balkoi txiki batean nengoen. Lehenengo bizitza hain ezberdina izan da azkenekotik... Gogoratzen naiz Madrilen tesia egiten zebilen zientzialari baten jarleku izan nintzela. Gogorra zen gau eta egun 93 kiloko pertsonari eustea, baina berak, Antoniok, orduak pasatzen zituen tesia egiten, eta hori gutxi zelakoan, ahoz-gora irakurtzen zituen ikerketarako beharrezko artikuluak. Garai hartan, noski, informazioz bete eta aulki intelektuala sentitu nintzen. Horren ostean, Parisen, aulki kontenplatibo bihurtu nintzen, bilobak bisitan etortzean aitona-amona bikote bat txandan-txandan nire magalean jarri eta inoiz entzundako kondaira eta ipuinik ederrenak kontatzen zizkieten. Zoriontsua izan nintzen beste aulki sendoago bat ekarri zuten artean. Hurrengo txanda dentista baten aulkiari tokatu zaio. Jarleku txuria da, eta guztien usteen aurka, ahots grabea izan beharrean, oso ahots tonu altua du. Negarrez hasi da bere historia kontatzean, beti itsusi konplexua izan baitu, bera ikusi orduko dentistako pazienteak ikaratzen zirenez. Horrenbesteko tramankuluz hornitua ikustean, denak ala denak, dentistara joan ordez, torturatzeko erabili izan den potrora joango balira moduan erreakzionatzen zuten. -Zure bizitza gogorra iruditu bazaizu, pentsa nirea!- Kexatu da diban gorri-ilun eder bat- Prostibulu bateko jarlekua izan naiz, eta era guztietako lizunkeriak ikuskatu ditut nire gainean. Hori bai izan dela tortura! Dibanak amaitzean, dotorea ematen duen barroko estiloko egurrezko besaulki sendo batek hartu du hitza. XV. mendeko Europako tronu bat ematen du; berriagoa da, ordea, 44 urte besterik ez ditu. Jarlekuak frantsesa tonu bereziz ahoskatzen du. Jatorriz Ekuadortarra da. Besaulki hau eskuz egina da, Ekuadorreko Ibarra artisau herrian. Dirudienez, Europara bidaltzeko zen, baina bere berezko jabeak ikusi zuelarik, astuna zela-eta, hegazkinez garraiatzea garesti izango zelakoan, Ibarran utzi zuen. Besaulki tapizatu honek, triste, bere historia honela kontatu du: Ez ninduten erosi astunegia nintzelako, arotzaren amaren etxean leku egin ondoren, bereziegia nintzenez oihal batez estalita egon naiz urteak eta urteak egongela batean, hori bai, etxean gertatzen zen guztia entzuten jendeari, aurpegia ikusi ez arren. Egun batean, familia hartako lehengusu batek oihala kendu eta bere gelan ezarri ninduen pandazko panpina erraldoi bat gainean nuelarik. Amona hil zenean internetez Frantziara saldu ninduten. Hemengo auzoko margolari batek bigarren bizi bat eman zidan. Ikusten nauzue, orain koadro bat egina nago! Badakizue... artistak! -Ni ere atzerritarra naiz- Azaldu du itxuraz oso erosoa ematen ez duen sofa batek, Ipar Amerikako ingeles azentuaz- laurogei urte ditut eta bizitzako zati gehiena Floridako etxe batean eman dut, ohe funtzioak egiten. Dirudienez, emigrante askok, gela guztiak okupatuta daudenean, sofak ere logela moduan alokatzen ditu, eta ulertuko duzuen moduan, hau gogorra da pertsonentzat, eta sofontzat ere bai, noski. Hala ere, honi esker, hogeita hamalau pertsona inguru pasa dira nire gainetik, eta bakoitzaren abenturak jarraitu ditut beraiek “amets estatubatuarra” bizitzen saiatzen ziren bitartean. Gogorra da immigranteen bizitza! -Bai, guztiz ados nago horrekin!- Esan du herrena dagoen banku-lerro batek- Immigranteak pateretan etorri orduko poliziek harrapatzean, komisariara iristean, nire gainean deskantsatzen zuten manta termikoa gainean zutela. Ze dardarak! Ze beldurra! Ze inpotentzia! Batzuentzat, lasaitasuna. Ze emozio nahasketa! Eta ni bertan, berauei so. Azkenerako, hamaika jarlekuek norbere historiak kontatu ondoren, entzunak eta ulertuak sentitu dira, eta batzarrarekin jarraitzeari ideia bikaina iritzi diote. Horregatik, asteazken gauetan Montmartren ahotsak entzuten badira, jakin gure egunerokoan dauden baina arreta gehiegi jartzen ez diegun jarlekuen akelarrea izan daitekeela. Idazleari buruz... Stefy Ezeiza Revelo naiz, 34 urte ditut. 2008 - 2011: maisu-maistra ikasketak egin nituen, Haur Hezkuntza espezialitatean. Eta aurten idazle eskolako graduondokoa hasi dut Bergaran.