2024 EKA. 30 LUMA BERRIEN AZTARNAK Zorionak Kristina Fernandez Maider Triviño Madinabeitia Hamabi urte zituen Zorionek lehenengo hilekoa etorri zitzaionean. - Zorionak -esan zion amonak-. Orain benetako emakumea zara. Benetako emakumea? Zer esan nahi ote zuen horrek? Haur izateari ofizialki utzi eta heldu bilakatzea kaka bat zela ondorioztatu zuen Zorionek, eta familiakoek helduen erantzukizunak ezarri nahi izan zizkiotela tartean abantailarik eman gabe. Igoko al zioten paga? Ez. Utziko al zioten hurrengo asteburuan lagunekin ondoko herriko kontzertu batera joaten? Ezta ere. Emango al zioten baimenik arratsalde hartan eskolako lanak bukatu ostean igerilekura joateko? Beno, egia esan kirola egiteko bazeukan baimena, baina ezin izango zuen egun hartan igeririk egin, oraindik ez baitzekien tanpoirik jartzen. - Ez sartu halakorik hortik, hori neska zikinek bakarrik egiten dute eta -esan zion lehen hilekoa egun batzuk lehenago izan zuen ikaskide batek-. Ni behin bakarrik saiatu naiz, eta alderantziz sartu nuen nahi gabe. Arrazoi du osabak lizunkeriak egiteko gazteegia naizela esaten duenean. «Alderantziz? Benetako emakumeek tanpoiak simetrikoak direla jakin beharko lukete», pentsatu zuen Zorionek. Hiru hilabete lehenago institutuan sexologo baten bisita jaso zutela gogoratu zuen. Interesgarria izan zen kontatu zuena, baina Zorione lotsatiak ezin izan zuen galderarik egin. Den-dena zekien haurdunaldi eta sexu bidez transmititzen diren gaixotasunei buruz, eta jasoa zeukan Papiloma Birusaren aurkako txertoa, baina kondoi bat eskuetan edukitzeko aukera izan zuen aldi bakarrean globo bat balitz bezala puztu eta jolasten hastea besterik ez zitzaion okurritu. «Umeegia naiz odola isurtzeko», larritu zen Zorione. - Kuadrillako beste lauk ere badaukate, baina ez nuen espero niri orain etortzerik, minik ere ez dut sentitu -esan zien etxekoei kuleroak eta prakak zikindu zituen lehenengo aldi hartan. Praka berriak, eta ezin odol orbaina inondik inora kendu. Bizitza errazagoa litzateke odola gardena balitz. Aurrerantzean min artean biziko zela kontatzen zioten komunikabideek, hau da, neska gorputza duen edonor hilero kalanbrez hustera derrigortuta zegoela eta erditze mingarriak izango zituela. «Egundoko pagotxa litzateke mutil gorputza edukitzea», pentsatu zuen Zorionek, «hobe arrautzetako mina hau baino». Mila buelta eman zizkion “benetako emakume” izatearen kontuari, baina bera ez zen emakumea. Edo bai? Genero ez bitarreko kontsideratzen zuen bere burua, baina ez zekien ingurukoei nola kontatu. - Zorionak -esan zion kuadrillako batek. Zergatik esaten zioten zorionak hilekoaren kontuagatik? Hilekoa umetoki eta aludun edozein pertsonaren bizitzaren parte da, eta barregarria iruditzen zitzaion Zorioneri harengatik zorionak jasotzea. Ez zion beste inori kontatuko, kitto. Dena dela, ez zen lagunen elkarrizketari kasu handirik egiten ari, gustuko zuten aktore batek egindako ebakuntza estetikoei buruz ari baitziren berriketan. Titiak handitu zituen aurrekoan, eta sudurra txikitu oraingoan. «Gauza bat kontatu nahi dizuet nire generoari buruz…», esan nahi izan zuen Zorionek, baina ez zen ausartu. - Hamarrak dira ia. Eskatuko dugu pizza bat afaltzeko? -proposatu zuen taldekide batek. - Ados -erantzun zuen beste batek-. Tipuladuna, ezta? - Hori aurrekoan eskatu genuen -kexatu zen beste pertsona bat-. Beti aukeratzen duzu zuk. Nik txanpinoiduna nahi dut. Ia hogei ziren kuadrillan, neskak guztiak (beno, Zorione izan ezik), baina zortzi bakarrik elkartu ziren gau hartan. Elkar akatuko zutela ematen zuenean, txanpinoidun pizza bat eskatzea erabaki zuten denen artean. - Beti bezala egingo dugu, ezta? Zortzi gara, beraz, bakoitzak zati bana. - Ni gose naiz, eta pizza oso bat nahiko nuke niretzat -esan zuen Zorionek urduri. - Pizza bat zuretzat bakarrik? Erotu egin al zara? Mendi bat legetxe jarriko zaizu ipurdia -esan zion kuadrillako ederrenak mespretxuz, besteek barre egiten zuten bitartean. - Horko pizzak ez dira hain handiak… -justifikatu behar izan zuen bere burua Zorionek. Hogei urte inguruko mutil katxarro batek ekarri zituen bi pizzak ordu erdi beranduago: kalabazindun bat Zorionerentzat eta txanpinoidun bat beste guztientzat. Lerdea zeriela geratu ziren neskak mutilari begira. Motor gainean ibili ahal izateko gidabaimena zeukan, gainera. Morroiak, baina, banatzen jarraitu beharra zuen. Zortzi pizza eraman zizkien plazaren beste aldean zeuden zortzi mutilei. Zorioneren ikasgelakoak ziren. - Begira nortzuk dauden hemen! - oihukatu zuen mutiletako batek. Neskek inbidiaz begiratzen zioten Zorioneri, pizza oso bat baitzeukan beraiek zati bakarra zeukaten bitartean. Zortzigarren zatia nork jango ote zuen erabakitzeko unea iritsi zenean, inork ez zuen gose zela onartu nahi izan. Lirain jartzen saiatu ziren klaseko mutilak beraiengana hurbiltzen ari zirela konturatzean, baina Zorionek tomatez zikindu zituen ahoa eta kamiseta nahi gabe. - Ze zakarra zaren, Zorione -egin zion iseka mutiletako batek, besteek (bai mutilek eta bai neskek) barre egin bitartean-. Tomatez beteta zaude, eta gainera pizza oso bat hartu duzu zuretzat bakarrik. Gero ez kexatu loditzen bazara, aizu. Hori bai, mutilek aukera zeukaten inoren kritikarik jaso gabe pizza oso bana jan eta arropa zikin-zikinak eramateko, baita etxetik dutxatu gabe irteteko ere. - Gizendu egin zara -bota zion amak Zorioneri biluzik ikusi zuenean-. Endokrinoarengana eramango zaitut dieta bat prestatu dezan. Dermatologoarengana ere joango gara zure aurpegiko granoak begiratu ditzan, eta ondoren depilatzera. Iletxo dexente irten zaizkizu besazpietan eta alutxoan. Urtebetetze festa sorpresa bat antolatu zioten kuadrillakoek eta gurasoek Zorioneri hamahiru urte bete zituenean. - Zorionak, Zorione! -esan zioten guztiek. Zorionak? Zorionak zergatik? Bizi zikloarekin bat urteak betetzen jarraitzeagatik? Zorione ez zen zoriontsua, baina. Nola aurkituko zuen, bada, zoriona bizitzan, gustuko ez zuen eta beharrezkoak ez ziren erantzukizunak ezartzen zizkion gorputz batekin? Idazleari buruz... Maider Triviño Madinabeitia. Neurozientzialaria, informatikaria eta irakaslea. Bergarako Idazle Eskolako ikaslea eta euskaltzalea. Narratiba eta poesia idazlea.