2024 UZT. 21 ARKITEKTURA Kontrabandisten modura MUGARA Arkitektura estudioak kanoi bat birgaitu du eskura dituen materialekin. Nafarroako Berako udalerrian kokatutako kabina hau hurbiltasunaren adibidea da, eta iraganari uko egin gabe eta baliabide mugatuekin lan eginez gauzak ondo nola egin daitezkeen erakusten du. Eraikina, estua eta luzea, Okelarreko gune harritsu batean dago. (Aitor Estevez Olaizola) Garazi Aranguren Inguratzen gaituzten mendi eta larreek jakintza zabala gordetzen dute, eta hauetan altxatzen diren eraikinek ezin hobeki jakin dute hori gordetzen. Han-hemenka ikusten ditugun baserri, borda edo etxola tradizionaletan erresilientzia, kokapenarekiko harmonia, eta sinpletasuna ahokatuta aurkitzen ditugu, eta arkitektura bernakular horixe da askotan eraikuntza modernoen erronkei modu jasangarri eta kulturalki egokian erantzuteko bidea. Beran, Nafarroako udalerrian, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugako herrian aurkitu du MUGARA Arkitektura estudio gazteak tradiziotik ikasteko, eremu hurbila aztertzeko eta paisaia ulertzeko bere txokoa. Izenak aurresaten duen bezala, bere lanetan materialak, soluzioak, egoerak… arkitekturarekin lotutako arlo ezberdinak modu ausart batean muturrera eramatea bilatzen du. Bere ogibidea kontrabandistenaren antzekoa dela esan ohi du, iraganari jakintza lapurtu eta etorkizunari bidea irekitzen dion muga horretan bidaiatuz. Jarrera honetxekin, mota oso ezberdinetako proiektuei trebeziaz aurre egiteko gai dela demostratu du. Izan ere, beretzat arkitektura proiektu guztiak maila ezberdinetan landutako eraikuntza proiektuak dira, dauden puntuan daudela koherentziaz egin beharrekoak. Oin planta orokorrenetik hasi eta xehetasun konstruktibo gertueneraino, eraikina bera eraikitzeko ibiliko diren materialek baldintzatua dago, eta xehetasunak proiektuaren ideia guztiak transmititzeko gai izateko landu behar dira. Bere obrekiko daukan distantzia geografikoak badu zeresana pentsamolde honetan. Gertutasun horri esker, obran lanean dauden adituekin nahi adina alditan bildu eta haiengandik ikasteko aukera izaten du, baita jakintza berri horiek modu bizkor batean bere diseinuetan barneratzeko aukera ere. Askotan, goizean bulegoan marrazturiko eraikuntza xehetasuna arratsaldean bertan obran probatzeko aukera du, 1:1 eskalan. Ardi-bordaren proiektuan kontatu berri dudanaren adibidea bikaina da. Eraikina, estua eta luzea, Okelarreko gune harritsu batean dago, hiru gerezi-loreek itzal ematen dioten eremu erliebetsu batean. Obra hau bere aurretik bertan aurkitzen zen hondaturiko beste borda baten birgaitzea da, haren tradizio-jakintsuei teknika moderno eta eguneratuen bidez erantzuten diena. Bordaren oina ipar-hego ardatzarekiko biratua dago, naturan isolatuak altxatzen diren eraikinetan ikusten den ohiko errekurtsoa da hori. Orientazio honek, haize bortitzei bizkarra eta eguzkiari ongietorria emateaz gain, eraikina mendi-magaleko sestrei paralelo gelditzea eragiten du, hego-ekialdetik animalientzako sarrera eroso bat utziz. Proiektu guztiaren jatorria eraikuntza xehetasun batean dago, zeinak gehigarria den guztia ezabatu eta eraikina modu ahalik eta esentzialenean birgaitzea bilatzen duen. Ibilitako materialak gertuan, inguruan, aurki daitezkeenera mugatzen dira. Hormetako materiala, adibidez, lurretik bertatik ateratako harri-gorrixka da, kokapenera iristeko zailtasunak zirela-eta bestela erreforma ez baitzen bideragarria izango. Hormigoia, aro garaikideko harria, hormen goialdea josten duen zuntxoan ageri zaigu, eta horrek, aldi berean, erreten funtzioa betetzen du. Zuntxoaren gainean, bi isuriko estalkia eutsiz, alertze-egurrezko kabio lirainak kokatzen dira, 4x12 zentimetrokoak, eskuilatu eta bernizatu gabeak, eraikinaren gordintasuna mantentzeko. Hauen oinarrian, metalezko-profil bi kokatzen dira, tartekako tirante batzuen bidez lotzen direnak bultzada horizontalak konpentsatzeko. Azkenik, gailur-habe gabeko estalkia osatuz, egur bereko taula-geruza eta teilak daude. Xehetasun landu hau hormaren ertzera iristean eta lehen ezkutuan genuen zuntxo-erretena agerian gelditzean, luzatu eta gainezkabide erraldoi bat bihurtzen da, euri-ura bideratu eta aska batean jasotzen du, horrela, animaliek bertatik edan dezaten. Irtenbide honekin ohiko egurrezko estalkietan aurki daitezkeen material metro kubiko ugari aurrezten dira, garbitasuna eta altuera librea irabazten dira, eta diru kopuru handia aurrezten da. Horrela, material tradizionalak erabiliz, auzi sinpleak berezi bihurtzen ditu Ander Rodrigezek. Errekurtso mugatuekin lan eginez guztia mugara eramatea bilatzen du, eraikinak gehigarri guztiez garbituz eta ezinbestekoa soilik utziz, arkitektura esentzial eta sosegatua sortuz, bere horretan erakusten delako didaktikoa. Proiektu guztiaren jatorria eraikuntza xehetasun batean dago, zeinak gehigarria den guztia ezabatu eta eraikina modu ahalik eta esentzialenean birgaitzea bilatzen duen.