7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Zahartzeaz


Joe Bidenen adinak zeresana eman du azkenaldian. 81 urte. Zortzi hamarkada eta urte bat. Mende erdi eta hogeita hamaika urte. Bizitza oso bat. Gehiegi, presidente izaten jarraitzeko lehiara aurkezteko. Kostatu zaio erabakia hartzea. Adinak eragindako lapsusek eta erorketek, bere lorpenek baino titular gehiago bete dituzte azken hilabeteotan. Deigarria da, baina, erabakia jasotako presioen ondorioz jaso duela eta ez bere burua zahar ikusten duelako. Eta deigarria da baita ere, bere kontra gogorren egin duten bi pertsonak bere adinaren bueltan dabiltzala. Donald Trumpek, 78 urte ditu. Nancy Pelosik, 84. Biden, bere 81 urteekin, ez dute presidente izateko moduan ikusten, baina errepublikanoen hautagaia izaten jarraitzen du Trumpek eta Ordezkarien Ganberako kidea izaten jarraitzen du Pelosik.

Beti pentsatzen dugu garena baino gazteagoak garela. Ingurukoak zahar ikusten ditugu; geure burua, ordea, ez. Izan ere, ez da erraza denbora aurrera doala barneratzea. Ez da erraza bizitza ihesi doala ikustea. Ez da erraza jaio ginen bezala hilko garela onartzea. Ondorioz, geure burua konbentzitzen saiatzen gara. 30 urte betetzen ditugunean “hamarkada hau, aurrekoa baino hobea da” esaten dugu. 40ra hurbiltzen ari garen heinean, berriz, “orain modan daudenak 40 urtekoak dira.”

Gizarteak ere dugun adina ukatzera garamatza. Zimurren kontrako kremaz beteta daude dendak, aurpegian botoxa jartzea gero eta ohikoagoa da, bizitza luzatzea helburu duten ikerketak biderkatzen ari dira. Hori ikusita, gazteenak ere beldurtzen dira. 10 urteko umeak hasi dira euren aurpegian existitzen ez diren zimurren kontrako kremak jartzen. Nire gertuko batek azala tenkatzeko liftinga egin du duela gutxi. Berak ez dit operazio horren inguruan hitz egin, baina espresio berria dauka aurpegian eta belarri atzeko ebakiondoak argi uzten du bere itxura ez dela betikoa. Ezta naturala ere.

Urteak betetzea ona da. Bizirik gaudela erakusten digu, eta beste urtebete gehiago gozatu dugula. Adina onartu behar dugu, eta lehengoak ez garela argi izan. 40 urterekin parranda osteko biharamunak gogorragoak dira. 50 urterekin gorputzeko atalak min ematen hasten dira. 60 urterekin mugimenduak motelagoak dira. 70 urterekin eskeletan aurpegi ezagun asko ikusten hasten gara. 80 urterekin ez gaude Estatu Batuetako presidentea izateko sasoian. Ikusi nahi ez badu ere, bere bizitzako azken urteetan dago Biden. Bizi dadila lasai, haren adinekoak bizi diren moduan.