2024 ABU. 18 KIROLA Potentzia entrenamendua (Getty) Markel Urrate Antia - Salto Training Potentzia kontrakzio edo uzkurdura muskular bat abiadura zehatz batean egitean datza. Abiadura zenbat eta handiagoa izan, potentzia handiagoa izango da. Baina norentzat dago zuzendua? Entrenamendu mota hau gazte, heldu eta zaharrek egin beharrekoa da, etapa bakoitzean onura ezberdinak izanik. Era orokor batean, adina eta generoa edozein delarik, gihar masa gehitu eta indar muskularra irabazteko estrategia funtsezkoa da, era honetara, errendimendua hobetu, lesioak ekidin, II motako zuntz azkarrak estimulatu eta, oro har, osasuna hobetzen baita. Gazteei dagokienez, indar entrenamenduarekin hasteko lehen pausoa izan liteke. Adin horretan, salto, jaurti eta esprintak burutu behar dituzte, era horretako entrenamenduek beraien garapen motorrean eragingo baitute. Helduaroan, kirol errendimenduaren funts nagusia da. Kirolari profesionalek zein ez-profesionalek nahitaez landu beharreko alderdia da. Potentzia-entrenamendua lesioak prebenitzeko ezinbesteko aldagaia da; beraz, ongizatearen aldagai nagusietakoa da. 30 urtetik aurrera, sarkopenia deituriko gihar masaren galera hasten da, hamarkada bakoitzeko %3 eta %5 arteko galera izanik. Prozesu biologiko horren aurrean, zuntz azkarrak dira desagertzen lehenak; hortaz, ez dago dudarik abiadura handian eginiko entrenamenduak funtsezkoak direla galera horri aurre egiteko. Zenbait ikerketak dioenez, 50-60 urtetik aurrera nabarmentzen da sarkopeniaren efektua. Zahartzen garen heinean, gorputzeko giharrak moteltzen hasten dira. Berandu izan baino lehen, helduaroan indar entrenamendua gure bizi ohituren barnean sartu beharko genuke, ez dago-eta prozesu biologiko hau ekidingo duen pilularik. Alabaina, hainbeste indar eta hainbeste potentzia, nola landu ditzakegu kontzeptu hauek? Profesional batek zuzenduriko programa bat izatea da lehenengo pausoa. Potentzia-entrenamenduak indar lana abiadura handian burutzea esan nahi du; horrenbestez, lehenik eta behin, indar entrenamenduaren inguruko kontrola izan behar dugu, teknika egokia eta gihar-masaren tonu egokia izanik. Bigarrenik, jestu tekniko hori abiadura handian burutzeko gaitasuna izan behar dugu, II motako zuntz azkarrak estimulatuz. Azkenik, konstantzia eta dedikazioa eskaini behar diogu gure programari, estimuluak aldatuz eta edukiak eguneratuz.