7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Off-site eraikuntza

Arkitekturan, tokiz kanpoko eraikuntza gero eta gehiago lantzen da; hau da, egituren eraikuntza-prozesua eraikuntzaren azken kokalekua ez den toki batean egitean datza. Sistema honek bere abantailak eta desabantailak ditu, artikuluan azaltzen den bezala.

«Gentrifikazioaren aurkako etxebizitza-eskuliburu taktikoa» proiektuko ilustrazioa. (Maitane Enara Diez Izagirre eta Garazi Aranguren Alberdi)

Informatika eta teknologia etengabe garapenean daude, eta arkitekturaren eta eraikuntzaren alorrak ez dira atzean geratzen. Arkitektook paperetik ordenagailura emandako jauziaren ondoren nabaritu dugu gehienbat azelerazioa, guztiaren artean, lan egiteko erabiltzen ditugun tresnetan izugarrizko aldaketa gertatu baita.

Obra munduan aurrerapen hauei gehiago kostatu zaie nabarmentzea; eraikinek aurkezten duten tokiko egokitzapena, material aniztasuna, sistemen nahasketa eta konplexutasuna dela eta, besteak beste.

Iraultza industrialaz geroztik gertatu den azelerazio honetan, gainontzeko industriekin alderatuta, eraikuntza-teknikak eta hauen automatizazioak izan dira gutxien eboluzionatu dutenak. Gaurko egunez, eraikin bat egiteko prozesuek beste industria batzuek baino eskulan-kostu handiagoa eskatzen jarraitzen dute, eta horregatik, etengabeak dira eraikitzeko metodo eta sistema doituagoen bilaketarako ikerketak.

Off-site eraikuntza azken urteetan gero eta gehiago entzuten den eraikuntza sistema bat da, aurre-fabrikazioa eta eraikuntza modularra biltzen dituena, eta eraikuntza industrializatuari loturikoa. Obran beharko diren osagai guztiak aurretiaz diseinatu, planifikatu, fabrikatu eta muntatzeari dagokio, ondoren obrara eraman eta bertan azken muntaketa-fase sinple baten bidez guztiz amaitzeko. Sistema honek, eraikuntza sistema tradizionalekin alderatuta, kostuen murrizketa eta desbideraketen gaineko kontrol handiagoa eskaintzen du, baita exekuzio denboren eta emateen gaineko kontrola ere.

Hain zuzen, tailer baten erosotasunetik lan egitean, produktuen gaineko kontrol handiagoa dago, eta ondorioz, kalitate hobeko emaitzak lortzen dira. Gainera, obra eremuan denbora gutxiago igarotzen denez, bizilagunei askoz gutxiago molestatzen zaie, segurtasun neurri hobeekin lan egiten da, eta hondakin askoz gutxiago sortzen da.

Baina dena ez da abantaila. Izan ere, egungo obretako ziurtagiri-sistemak ez daude prestatuta bere lekuan jarri gabe dauden elementuak aurretiaz ordaintzeko, eta ondorioz, eraikitzailearen gain gelditzen diren hasierako kostuak bereziki altuak dira. Bestalde, pieza handiagoekin lan egitean, garraiobideak topatzea zailagoa izaten da, askotan zatiketa handiagoetara jo beharra, eta beraz, atzera obran bertan muntaketa lan gehiago izatea ekarriz.

Azkenik, kontuan izan behar da, urrun bagaude ere, kokapen konkretu batean ari garela lanean, eta ezinbestekoa dela arazoei modu egokian aurre egiteko obrako benetako egoera ezagutzea. Bulegotik lanean ari den pertsonak nekez izango du obrako panoramaren irudi argi bat bertara inoiz gerturatzen ez bada, eta aldentze honek arazo handiagoak ekar ditzake luzera, denboran eta kostuetan eraginez. Alegia, kateko katebegi guztiek ondo funtzionatu behar dute sistemaren etekinak sumatzeko.

Dena dela, sistema honek eskaintzen dituen abantailak izugarriak dira, eta honexegatik egin dute azken urteetan BIM (Building Information Modeling) bezalako metodologiek horrenbesteko garapena. Lan-teknologia digital hauek hiru dimentsiotan modelaturiko (jada ez da marrazten bi dimentsiotan egiten genuenean bezala) eraikinen irudikapen digital zehatz eta integratu bat sortzea ahalbidetzen digute, obra izango denaren kopia bat, baina ordenagailuan. Modelo honekin, arazo gehienak aurreikusi eta soluzio bat topatu ahal diogu benetan eraiki aurretik, ezustekoak ekidinez eta kostuak murriztuz. Gainera, teknologia berri hauek, fabrikazioarekin koordinatuz, elementuen produkzioa errazten dute, prozesua azkartuz.

Baina badu beste abantaila handi bat, eraikinaren bizitza eta etorkizunari loturikoa. Kopia digital honetan informazioa modu egokian sartzen badugu, eraikina monitorizatua izateko aukera ematen digu, haustura edo mantenu lanak ere programatzeko aukera emanez. Oraindik haratago joanda, sortu ditugun pieza hauen guztien forma eta definizio zehatza izateak berauen berrerabilpena errazten du, eraistera iritsi aurretik hauek proiektu berri batean erabili daitezkeelarik.