2024 AZA. 03 AEB-ETAKO PRESIDENTETZARAKO LEHIAN, ESTATU KLABEA Pennsylvania, puntarik punta AEBetako geroa erabakiko duen estatua AEBetako hauteskunde presidentzialetan arreta osoa zirt edo zart egin dezaketen zazpi estatutan jarrita dago, gainerako 43etan noren alde egingo duten argi dagoelakoan. Horietatik pisu handiena daukana Pennsylvania da. Kamala Harrisek eta Donald Trumpek ia astero ekitaldiren bat egiten dute hemen, eta alderdiek ere milioika dolar inbertitu dituzte estatu honetako boto bakoitza irabazteko ahaleginean. Kevin eta Anne bikotea Pennsylvania erdialdean; Trump zale sutsuak dira. (Urtzi Urrutikoetxea ) Urtzi Urrutikoetxea Marylandeko estatutik Pennsylvaniara igarotzean, Mason & Dixon lerro zaharraren oroitarri bat dago. Britainiar koloniaren garaian marraztu zuten, eta ordutik marra zuzen batek bereizten ditu bi estatuak. Gerora, XIX. mendean, esklabotza legezkoa zen Hegoaldeko estatuetan, eta pertsonen jabetza debekatuta zegoen Iparraldearen arteko muga izan zen. Psikologikoki oraindik ere Estatu Batuetan bizirik dagoen marra bat da. Duela 250 urte marraztutako mapak eta gaur egungo errealitateak ez datoz beti bat, ordea. Maryland argi eta garbi demokrata bozkatzen duen estatua da, bertako biztanle gehienak Baltimoren eta Washington hiriburuaren inguruan bizi baitira. Behinola Iparralde librea izandako Pennsylvanian, berriz, ez dago batere argi nor gailenduko den azaroaren 5ean. Donald Trumpen eta Kamala Harrisen artean zalantzan geratzen diren zazpi estatuetatik disputatuena da Pennsylvania, pisu demografiko handiena duelako eta, ondorioz, hauteskunde ordezkari gehien erabakitzen direlako. Hemen irabazten duenak hemeretzi ordezkari bereganatuko ditu, gainerako sei estatuetan baino nabarmen gehiago, eta Etxe Zuria ia bereganatuko du. Hala gertatu zen 2020an: asteartez bozkatu ostean eta hainbat egunetako zalantzen eta zenbaketen ostean, larunbat hartan Pennsylvania Joe Bidenen zakura zihoala ebatzi zenean, hautagai demokrata irabazletzat jo zen. Apalatxe mendietako bideetatik sartuta, udazken kolore ederrak ageri ditu basoak. Hego-ipar muga historikoaz gain, beste banaketa baten mugarria ere ageri da laster: bereizketa kontinentalarena. Alde bateko urak zuzenean Atlantikora doaz, Chesapeakeko badiara doan Susquehanna ibaitik; besteak Mississippiren arro handiaren zati dira Ohio ibaiaren bidez. Europar kolonoek mendebaldera bidean gainditu behar izan zuten lehen muga fisikoetakoa izan ziren Apalatxeak. Pennsylvaniak kostaldetik barnealdera eta Aintzira Handietarainoko tartea hartzen du, mila paisaia, kultura, tradizio eta historia bilduz. Monongahela eta Allegheny izen indigenak hartzen dituzten ibaiek Ohio osatzen dute Pittsburghen elkartzean. AEBetako altzairuaren hiriburu historikoak demokrata bozkatu ohi du (bertako sindikatuek ere hala eskatu dute), baina eskualdeko langile zuri asko Trumpen aldera pasatu dira. Urtzi Urrutikoetxea Ibilbide honek europarren historiaren atzetik aurrerako bidea hartuko du: Erie lakuan koska bat dauka estatuak, New Yorken eta Ohioren artean (barrutirik lehiatuena da, ipar-ekialdeko beste bi barrutirekin batera), eta gainerakoan nekazaritzarako sailak, basoak eta Ohio ibaiaren harana dira. Zehazki, Monongahela eta Allegheny izen indigenak hartzen dituzte ibaiek, algonkinoak hain zuzen ere. Biak Pittsburghen elkartzen dira, AEBetako altzairuaren hiriburu historikoan, eta hortik aurrera Ohio izena hartzen du, oraindik ere hemendik hurbil bizi diren irokiar konfederazioko herrien hizkuntzatik. Honaino etorri zen Kamala Harris langileen egunean diskurtsoa egitera, Joe Bidenekin batera egindako lehen kanpaina ekitaldian. Gogoan izan behar da Labor Day irailean dela Estatu Batuetan, eta ez maiatzaren lehenean. Sindikatu nagusien babesa lortuta, hautagai demokratak egunaren garrantzia azpimarratu zuen: «Maite dut langileen eguna ospatzea, eta Pittsburgh, noski, AEBetako langile mugimenduaren sehaska da», gogora ekarriz hiria AFL sindikatuen federazioaren jaioterria dela, Steelworkers industria sindikatu boteretsuaren egoitza. Hitzaldian Kamala Harrisek bertaratutakoei hitz eman zien altzairugintzak Estatu Batuen menpe jarraituko zuela, eta ez Asiako korporazioen esku. Hilabete geroago, Doug Emhof, Harrisen senarra, beste ekitaldi batean izan zen, REM taldeko kantari izandako Michael Stirperekin batera. Astebete beranduago, urriaren 11n, Barack Obama egon zen altzairuaren hirian kanpaina egiten. 2008ko “Yes, We Can” (bai, badezakegu) leloaren sonarik hartu ez badu ere (gero, “sí, se puede” eta “podemos” espainierazko aldaerak ere ekarri zituena), “We are not going back” (ez dugu atzera egingo) Kamala Harrisen leloa ere behin baino gehiagotan ageri da Pittsburgheko kaleetan. LANDA EREMU ERREPUBLIKANOA Pennsylvaniak hauteskundeotan izango duen garrantziaren adibide da. Pittsburghen Harris-Walz seinaleak nagusi dira etxeetan, baina ez da hiritik askorik urrundu behar, egoera guztiz aldatzeko. Nekazaritzako ingurune guztian Donald Trump eta JD Vanceren aldeko afixak erabateko gehiengoa dira. Herria joan, herria etorri, etxaldeak, bide bazterrak, dena hautagai errepublikanoaren aldeko ikurrez eta demokraten aurkako leloz beteta dago. Berrogei minutu ingurura dago Butler, uztailean Donald Trump hiltzen saiatu ziren herria. Urriaren 5ean berriz itzuli zen bertara presidente ohia, eta orain arteko jendetza handiena bildu zuen. Pennsylvaniatik bertatik joandakoak asko, baita aldameneko Ohiotik eta are urrunagotik etorrita ere. “USA” ohiko leloarekin batera, uztailaren hamahiruko tiroketatik altxatzean ukabila igota Trumpek esandako “Fight, fight, fight” (borroka, borroka, borroka) behin eta berriz entzuten dira presidente ohiaren mitinetan. Merchandising-a oso zabala da, kolore gorria nagusi, baita arrosa ere “Trumpen aldeko emakumeak” taldearen izenean. Badakite errepublikanoak atzeratuen dauden segmentua dela, langile zurien, latinoen eta beste talde batzuen artean mezua gutxi-asko errotzeko gai diren artean, Harrisen alde bozkatuko duten emakumeak askoz gehiago dira («gezurti hutsa da, eta jende asko engainatzea lortu du», dio mitineko parte hartzaile batek). Abortu eskubideaz ahalik gutxien mintzatzen saiatzen dira errepublikanoak. 2022an lortu zuten urteetan agindu zutena, eskubide konstituzionala ezabatzea, baina oldarraldi feminista garesti ordaindu zuten urte hartako midterm edo agintaldi erdiko bozketan, eta aurten ere eragina izango du ziurrenik. Gaiaz gehiago galdetuz gero, gezurra da nagusi, demokratek abortua bederatzi hiletan eta are jaio eta gero ere egitea legeztatu dutela, kasurako. Punxsutaywney «Marmotaren eguna» filmari esker ezagun bihurtu zen. Oroigarrien dendaren aldamenean dago errepublikanoen bulego nagusia. Urtzi Urrutikoetxea Urtzi Urrutikoetxea Ez dira mitinak bakarrik, eskualdeak nabarmen ageri du Trumpen aldekoa dela. Errepide bazterreko diner jatetxean afaltzeko lekuak bereizita daude, mahaiaren luzeran aulki bigunak batean, barrara begira besteak. Afaria merke, janaria ona, zerbitzariak izenez ezagutzen ditu afaltiar gehienak, eta “honey” (laztana) dauka besteontzat, Pittsburgh Steelers (altzairuzaleak) futbol amerikarreko taldearen partida jarrita daukan bitartean. Saltokiaren aldean, Jainkoaren, armadaren eta armen aldeko mezuak dira nagusi. Eta Trumpen banderolak salgai, noski. Etxalde bateko belardian, Trump-Vance-ren afixaren ondoan, “geldiarazi marxismoa” irakur daiteke. Beste batzuek ere demokratei zergak igotzea egozten die, eta Trumpek jaitsiko dizkiela, baita jarraitzaile errepublikanoen beste gai kutuna ere: armak. Udazken koloretako basoak, kalabaza eta orbel gorrituz Halloween-erako hornitutako etxaldeetako portxeak, eta Trumpen aldeko boto-eskea nagusi dira landa eremuko Pennsylvanian. MARMOTAREN EGUNA Mahoning errekaren aldamenean Punxsutawney ageri da. “Marmotaren eguna” filmeko kokagunean marmoten irudiz josita dago. Oroigarrien denda nagusiaren aldamenean Alderdi Errepublikanoaren bulegoa ireki dute. Igande goizez, bezperako garagardo festako mahaiak batzen ari dira hiru langile, Phil marmotaren irudiaren aurrean. Karro bati tiraka bi etxegabe ere badabiltza. Adineko emakume zuriak dira; aurrerago mutil gazteago bat ere erdi-lozorroan. Estatu Batuetako hiri gehienetako errealitatea da, baina atentzioa ematen du herri txikiagoetan. Bill Murray eta Andie MacDowellek 1992an egindako film arrakastatsuan legez, aurten ere arreta eta erabakigunea hemen egotea errepikatuko da. Ez Punxsutawneyn bakarrik, noski, baina bai lehia handiena daukan estatu honetan. Benetako Phil marmota ere badauka Punxsutawneyk, eta, pelikulan legez, urtero otsailaren 2an eguraldia iragartzen du; film ezagunak, azken batean, negu erdiko ospakizunak bildu zituen, Kandelaria egunez edo Agate Deunaren antzera. Egun, milaka lagun etortzen dira urtero beste sei astez negua izango dugun jakitera. Kristalaren atzeko marmotari argazkia egin nahian dabilen emakumea bisitan dago herrian, berez mendebaldetik dator. Independentea dela dio, hau da, ez dagoela alderdi batean ere izena emanda, baina aurten Kamala Harrisen alde bozkatuko du. «Jasangaitza da Trump, geldiarazi behar dugu. Nik 70 urte ditut, abortuarenak ez dit eragingo, baina onartezina da egin duena. Eta zenbat gezur esaten dituen, nolako gorrotoa sustatzen duen». Irakasle erretiratua da, eta gaizki hezitako ume-moko bat deritzo Trumpi. «Eskolan egoten zen bullying hantustea da». Ohio ez dago urrun, hango errepublikano asko ere haserrarazi ditu haitiarren aurka esandakoek: «Eskualde hauetan guztietan meatzeak, fabrikak zeuden, hondoa jo zuten, eta gero lan-eskua falta izan da, jendeak alde egin duelako. Haitiarrek eta etorkinek zintzo lan egin eta Springfield eta beste herri batzuk biziberritu dituzte, barren!». Ekialderantz, Pennsylvania erdialdera bidean, Kamala Harrisen aldeko lau afixa zenbatu ditugu Mahaffey herrixkan. Pittsburgh-etik irten osteko kopuru handiena da, aurrerantzean ere ia ez da beste ikur demokratarik agertuko, hirietara iritsi arte. Trumpen aldeko leloez gain, haren argazki handi bat daukan etxaldean argazkia egitera geratuta, barrura gonbidatu gaitu etxeko jabeak. Kevin du izena, Anne emaztea etxe barruan dago bi txakurrekin. Aldamenean, bandera konfederatu txiki bati erreparatu diogu. Historia zalea omen Kevin, antigoaleko gauzen bilduma egin, saldu eta erosi egiten du. «Herrian demokrata bakarra dago, eskolako autobus gidaria». Trumpek bezala, ez ditu onartzen 2020ko emaitzak, egiaz iruzur zantzu guztiak behin eta berriz gezurtatu diren arren. Are gehiago, aurten ere iruzurra datorrela dio: «Demokratek etorkinak ekarri dituzte, lanean jarri eta botoa eman dezaten». Laneko baimenarekin dauden etorkinak izan arren, ez dutela boto eskubiderik esan diogun arren, demokratek berdin-berdin botoa emateko erregistratuko dituztela dio. «Eta ez dugu onartuko. Trumpek irabaziko du. Edo bestela, gerra zibila izango dugu». Urtzi Urrutikoetxea Presidentetzarako bi hautagaien aldeko afixak daude etxe askotan. Boto bakoitzaren bila herriz herri eta ia atez ate dihardute ekitaldi txiki eta handiak egiten, baita amish komunitate zabalaren eskualdean ere. Andrew Lichtenstein | Getty Urtzi Urrutikoetxea Andrew Lichtenstein | Getty Urtzi Urrutikoetxea DEMOKRATA URBANOAK Bi ordu gehiago dira errepidean, Harrisburg Pennsylvaniako hiriburura iritsi arte. Ez Philly ez Pittsburgh: erdiko hiri txiki honetan dago estatuko Kongresu erraldoia. Bertan luzaroan lanean ibilitako Peterrek itxaropena dauka Harrisek irabaziko duela. «Ezin gara duela lau urtekora itzuli. Eta Trumpekin ez da hori ere izango, okerragoa izango da, eta dagoeneko ohartarazi du, epaileengandik hasita». Hori ez gertatzeko gakoa Pennsylvanian dago, eta badaki. «Edozelan ere, 67 barruti ditugu, nork bere zenbaketa, eta denbora beharko da hauteskunde egunaren ostean ere dena zenbatzeko. Kanpotik hori ez da ulertzen». Estatua ere soziologikoki oso desberdina dela dio: T itxura dauka, Pittsburgh eta Filadelfia alde banatan, erdialdean Harrisburg ere inguru progresista da, «baina gero gainerako eskualdeak, jende gutxi bizi baina eremu zabala betetzen duten gune kontserbadoreak dira. Ekarri duzuen bide horri Alabama ere deitu izan diote», segregazioa nagusi izan zen hegoaldeko estatu kontserbadorea gogoan. Gakoa, ipar-ekialdeko langile barrutietan ikusten du Peterrek, Biden jaio zen Scranton herriaren inguruan: «Langileak dira, sindikatuek indarra dute, baina errepublikanoek ere indarra daukate. Bidenek lortu zuen gailentzea 2020an. Harrisek hor irabazi ezean, zail du Pennsylvanian nagusi izatea». Kapitolioaren aurrean, Palestinaren aldeko protesta bat amaitu berri da. Pareko zelaia hildako palestinarren omenezko banderatxoz bete dute. Azken bi manifestariekin mintzatu gara, pankarta biltzeko daudela. Badakite arreta guztia Pennsylvanian dagoela, baina ez dute Harris ala Trumpen alde bozkatu beharra. «Ez dut onartzen presioa nigan jartzea, Harris bozkatu ezean Trumpek irabaziko duela esatea. Biak dira genozidioaren alde, nik ez diot botoa emango». Bietako batek, ez du botorik emateko asmorik. Besteak, Jill Stein alderdi berdeko hautagaiari emango dio botoa, «Palestinaren alde mintzatu den bakarra delako». Demokraten eta haien aldekoen mezua da Harrisen alde ez den boto orok, praktikan, Trumpen alde egingo duela. «Baina ez dut bozkatuko alde ez nagoen pertsona baten alde. Botoa nahi badu, irabaz dezala, utz diezaiola genozidioan konplizea izateari, armak saltzeari. Ez, ez dut konfiantzarik demokratengan ere». Pennsylvaniako Kongresuaren eskaileretan behera turista frantsesak datoz. Bi neska gazte elkarri argazkiak egiten ari dira, unibertsitateko arropa jantzita. Ez dute interes handirik politikan, baina Kamala Harrisen alde bozkatuko dutela diote. «Ez nau guztiz asebetetzen, baina argi dut Trump baino hobea dela». Abortuaren gaia aipatu du Lydiak, baina bestelako politika batzuetan ez dator ados. Lydiak dioenez, «kristaua naiz, ni ez nago abortuaren alde, baina emakume bakoitzak aukeratzeko eskubidea izan behar duela uste dut, eta Kamalaren alde bozkatuko dut. Eta nire lagunek ere bai». Eric eta Jeff bikotea ere Harrisen alde aktiboki laguntzen ari dira kanpainan, «Donald Trumpen agintaldi bat irudikatze hutsak beldurra sortzen du». Aitortu dute Pennsylvaniako eremu bat oso eskuindarra dela eta Trumpen aldeko afixak direla nagusi, «baina Kamala Harrisek denbora gutxi darama hautagai gisa. Ez da harritzekoa, beraz, alde guztietara ez iritsi izana kartelak oraindik. Bai, bertako gizonek Trumpen alde bozkatuko dute, baina agian emazteak edo alabak ez». Duela urte batzuk Harrisburg izena ez zen ezaguna Pennsylvaniako hiriburua izateagatik, Txernobilgo tragediaren aurretik gertatu zen istripu nuklear handienarengatik baizik. Susquehanna ibaian behera, Three Mile Islanden azken erreaktorea 2019an itxi zuten; joan den irailean, Microsoftek zentrala erosi eta berriz ere martxan jartzeko asmoa adierazi zuen, Adimen Artifizialak dituen energia eskaera erraldoiak agerian utziz. Lydia eta Tori ikasleak Harrisburgen. Urtzi Urrutikoetxea Urtzi Urrutikoetxea HISTORIAREN PISUA Estatubatuarren zirkuitu turistikoetan dago Harrisburgeko eskualdea. Hershey txokolate fabrika ezaguna dauka aldamenean, Roald Dahlen lan ezaguna bertan oinarritu zen, Willie Wonka pertsonaiarekin. Fikziotik historiara, Carlislek, Harrisburgetik mendebaldera, asimilazio indigenarako gunerik bortitzenetakoa sinbolizatzen du. Milaka ume natibo ekarri zituzten hona XIX. eta XX. mendean, «indiarra hil, gizona salbatu» leloari jarraika. Bertan hil eta ehortzitako haurrak haien jatorrizko tribuetara bueltatzen ari dira azken asteotan, Bidenen Gobernuak abiarazitako batzorde bereziaren arabera. AEBetako historia liburu guztietako Gettysburg hiria ere Harrisburgetik 40 kilometrora dago. Abraham Lincolnen indarrek konfederazioaren aurkako garaipen nagusienetakoa lortu zuten 1863ko uztailean. 50 mila lagun hil ziren hiru egunetan, eta gerran mugarritzat jotzen da Iparraldea nagusitzeko eta esklabotzaren aboliziorako. Egun, bi aldeek aldarrikatzen dute Lincolnen figura. Alderdi Errepublikanoaren sortzaileetakoa izan zen. Filadelfiara bidean, Lancasterko nekazari guneak daude erdian. Zaldiz tiratutako gurdiak ageri dira, eta argindarrik gabeko etxeak. Amish-ak AEBetako hainbat lekutan bizi badira ere, hauxe da haien eskualderik ezagunena. Alderdi Errepublikanoaren mitinetan, azaroaren 5ean bozkatzera laguntzeko gurdiak ere prestatu dituzte, amish gehienek, oso kontserbadoreak izanda ere, botorik ematen ez duten arren. Beste ehun kilometro gehiago dira New Jersey eta Delawareko mugara iritsi arte, izen bereko ibaiak bereizten baititu Pennsylvaniatik. Ibaiaren itsasoratzearen inguru guztia Filadelfiaren aldiritzat har liteke, baita Joe Bidenen bizileku den Wilmington ere. Egungo presidentearen arbasoak bezala, milaka lagun iritsi ziren hona lanera, Irlandatik, Italiatik, Europa erdialde eta ekialdetik. Lurpeko Trenbidearen geltoki nagusietakoa zen esklabotzatik ihesi zetozenentzat, Harriet Tubman figurak dozenaka lagun ekarri zituen Marylandetik bide ezkutu horietan 1850eko hamarkadan. Haren aurretik, AEBetako lehen hiriburua izan zen Philly, bertan dago Askatasunaren kanpaia eta Independence Hall. Bai, AEBetako independentziaren gune garrantzitsuena da, bertan egin ditu Joe Bidenek bere agerraldirik solemneenak, bertan egin zuen azken hauteskunde kanpainako mitin nagusia. Barack Obamarekin batera, eta hemen egin zuten, besteak beste, Kamala Harrisen eta Donald Trumpen arteko debatea irailean. Filadelfia aldea AEBetako XIX. mendeko literaturaren bi handien bizilekua ere bada, Edgar Allan Poek bertan dauka museoa, eta Walt Whitmanek ibaiaz bestaldean. Berritzailea, apurtzailea, HIESari buruzko film garrantzitsuenetako baten kokagune eta izenburua ere Filadelfia, eta errepublikanoen amesgaiztoen eta irainen jo-muga ere bai. Erdigunetik iparralderantz, William Penn quaker (kuakeroa) lehorreratu zen gunean parke bat dago. Hark eman zion estatuari izena; askatasun erlijiosoa oinarri hartuta, Europako gerretatik ihesi zetozen higanotek eta bestelako “galtzaile” batzuek hemen aurkitu zuten babesa. Parkea lenape indigenekin hitzarmena egin zuen lekua ere bada, eta egun ere hala gogorarazi ohi da urtero urrian. Askatasunaren eta demokraziaren ideietan sortu eta mendebalderantz hedatutako estatuan jarri dira AEBetako foku nagusiak. Hauteskunde eguna azaroaren 5ean bada ere, irailetik dago botoa emateko aukera, eta milaka dira dagoeneko hala egin dutenak. Gero, barruti bakoitzeko emaitzak zorrotz behatuko dira. Zalantza bakoitza auzibide bihurtzeko arrisku dago, asko baita jokoan dagoena AEBetako politikaren alde guztiak biltzen dituen estatu zabal honetan. Pittsburghen Harris-Walz seinaleak nagusi dira etxeetan, baina ez da hiritik askorik urrundu behar, egoera guztiz aldatzeko. Nekazaritzako ingurune guztian Donald Trump eta JD Vanceren aldeko afixak erabateko gehiengoa dira «Scrantonen langileak dira, sindikatuek indarra dute, baina errepublikanoek ere indarra daukate. Bidenek gailentzea lortu zuen 2020an. Harrisek hor irabazi ezean, zail du Pennsylvanian nagusi izatea» Alderdi Errepublikanoaren mitinetan, azaroaren 5ean bozkatzera laguntzeko gurdiak ere prestatu dituzte, amish gehienek, oso kontserbadoreak izanda ere, botorik ematen ez duten arren