7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Leiho bakoitza, lorategi bat

Beharrezkoa al da aire girotua? Ling Haouna arkitektoak erakutsi du instalazio horren alternatiba naturalak badirela tenperatura altuak dituen Singapur bezalako leku batean: Beste izaki bizidun batzuk hartzen dituen landaredi aldakorra duten etxe eroso eta jasangarriak.

Berdetasunez eta bizitzaz betetako Singapurren eraikitako etxe honen barrualdea eta kanpoaldea. (Proiektua: Linghao ArquitectsIrudiak: Fabian Ong)

Nork ez du amesten etxean lorategi bat izatearekin? Baina eta etxe osoa lorategi bat bihurtuko balitz? Noraino iritsiko lirateke honen onurak gure bizitzan? Singapurren, urte osoan bero tropikala nagusi den lekuan, Ling Hao arkitektoak konbentzioei desafio egiten die leihorik eta klimatizazio artifizialeko sistemarik gabeko etxeak sortuz. Malaysian jaiotako arkitektoak diseinatutako lan hauek gizakiaren eta bere ingurunearen arteko elkarbizitzaz gogoeta egitera gonbidatzen gaituzte, natura modu erradikalean eguneroko bizitzan txertatuz.

Irudietan ikusten den etxea bikote bati eginiko eraberritze proiektua da. Jabeek 8 urte zeramatzaten estilo kolonialeko etxe batean bizitzen, baina adreiluzko horma lodiak eta leiho txikiak ez zetozen bat beraien behar eta bizimoduarekin. Erabateko aldaketa nahi zuten, etxean zeuden bitartean espazioaz eta klima tropikalaz gozatzeko aukera izatea.

Ling Haok bi hamarkada baino gehiago zeramatzan Singapurreko baldintza klimatikoei erantzuten dien diseinu arkitektonikoak lantzen eta horrelako inguruneetan erosoak eta iraunkorrak diren etxebizitzak nola sortu ikertzen.

Izan ere, muturreko tenperaturak dituen eta hezetasun konstantea duen eremu batez dihardugu, urte osoan zehar 25 eta 31 graduan mantentzen dena. Testuinguru horretan, aire girotuaren agerpenak zorigaiztoko ondorioak ekarri zituen hiri-ehundurarentzat, eraikinen atzealde, estalki eta kale-arteak beraientzat hartu baitituzte, sortzen duten zarata eta kutsadura urrun mantentzeko.

Bizkarra eman eta ezkutatzen baditugu ere, “konfort termikoa” lortzeko erabiltzen ditugun tresna hauek gure bizimoduan eragin handia dute. Artifizialki girotutako espazioetan igarotzen dugun denborak egunerokoan hartzen ditugun erabaki askorekin lotura baitute, jaten dugunetik hasi eta janzten dugunerainoko erabakiekin, haiz zuzen.

Arkitektoak instalazio hauek benetako behar bat diren edota gaizki eginiko arkitektura bati erantzuteko partxeak diren mahai gainean jartzen du, eta, desafio horri aurre eginez, erosotasuna lortzeko sistema guztiz pasiboak erabiltzea bilatzen du.

Bide horretan, gero eta bezero ausartagoekin topo egin zuen, eta gero eta irekiagoak dauden eta natura txertatuagoa duten proiektu erradikalak egitera iritsi da.

Etxe honetan, leiho bakoitza lorategi bat da, eta txoko bakoitza etengabe aldatzen ari den paisaia bat. Baina landaredia ez da apaingarri hutsa, arkitekturaren parte aktibo bat baizik.

Fatxadako landarediak ikuspegiak babesteko filtro moduan funtzionatzen du, barnealdekoei pribatutasuna emanez. Beirarik ez dagoenez, aire-korronteek etxe osoa gurutzatu eta freskotasun sentsazioa sortzen dute. Gainera, lorategiek hezetasuna xurgatzen dute, barnean oihan tropikal bat gogorarazten duen mikroklima sortuz. Eta, horrez gain, solairuen arteko irekidurei esker, eguzki-argia etxearen barreneraino iristen da, etxeko espazioak bizitzeko esperientzia sentsorialen zati garrantzitsu gisa integratuz.

Bestalde, landaredia hau osasuntsu hazi dadin egin beharreko zaintza lanak erlazio honen inguruan hausnartzera garamatza. Ikuspegi biofiliko horrek ingurunearekiko lotura emozionala sustatzen du, bizimodu kontzienteagoa eta iraunkorragoa sustatuz, eta gure ongizatea eta errespetua merezi duten beste bizimodu batzuekin bizi garela gogoraraziz.

Horrelako proiektuek begiak ireki eta gure lurraldeetan nola bizi garen zalantzan jartzera gonbidatzen gaituzte, gure etxeen eskemak benetan gustukoak ditugun edo inposatuak izan zaizkigun galdetzera, eta erakusten digute posible dela modu jasangarri eta harmoniatsuan bizitzea, baita klima desafiatzaileetan ere.

Neurrigabeko urbanizazioak gizakia naturatik aldenarazteko joera duen mundu honetan, galdutako lotura hori berreskura dezakegula gogorarazten digu etxe honek, lorategi-leiho bakoitzak, bizirik dagoen txoko bakoitzak; etorkizuneko arkitektura ez da gizakiaren eta ingurunearen arteko hesia, baizik eta bi errealitateak funtsezko orekan elkartzen dituen zubia.