2024 ABEN. 22 IRITZIA Gabonetako loteria AMAIA URIBE Xanpain, negar eta irribarre eguna da gaurkoa, edo etsipenarena eta tristeziarena. Sari potoloa irabazi izanaren poza sentituko dute batzuek, dirua alferrik gastatu izanaren amorrua sentituko dute beste batzuek. Izan ere, ez da erraza dezimorik ez erosteko irmotasuna mantentzea. Hilabeteetan hortxe izan ditugu Gabonetako dezimoak geuri begira. Lantokian, gustuko tabernan, seme-alaben ikastolan, herriko loteria administrazioan… Kuadrillan erostera animatu gaituzte: «Damutuko zara denoi tokatzen bazaigu!». Kafea zerbitzatzen digunak ere bai: «Egunero etortzen zara eta ez duzu erosiko?». Eta nik, behintzat, amore eman dut eta nahi nituenekin baino dezimo gehiagorekin amaitu dut. Loteriaren atzean ilusioa dagoela saltzen digute iragarkiek. Eta hortxe ikusten ditut batzuk ezertarako balio ez duten probabilitate eta estatistikak egiten: «5ean amaitutako zenbakiak dira potoloa gehien irabazi dutenak». «Alabaren urteguna erosten dut beti». «Nire aitonak 9an amaitutakoa eskatzen zuen eta bere tradizioa jarraitzen dut». Zenbaki politak eta itsusiak daudela sinistarazi digute. «00004 ez eman gero!», «13.131 hori seguru ez dela tokatuko!». Adimen artifizialari ere galdetu diote aurten eta 88.982ak irabaziko omen du potoloa. Jendeak itsu-itsuan sinistu du eta zenbaki horretako dezimoak bukatu egin dira. Kontatzen ez digutena da, Gabonetako potoloa irabazten dutenen artean, %70ek txarto kudeatzen dutela dirua eta horietako asko depresioan erortzen direla. Zoriontasunetik tristeziara dezimo bat dago, antza. Denok poztuko ginateke 400.000 euroko saria irabaziz gero, baina bizitzan badaude Gabonetako potoloa irabaztea baino sari hobeak: minbizia gainditzea, Etxebideko etxe bat lortzea, lanpostu finkoa eskuratzea… Gabonetako zozketaren aurretik idatzi ditut lerro hauek, eta aurreratu dezaket txakur txikirik ere ez dudala irabaziko aurten. Baina berdin zait. Aukeran, nahiago osasuna izatea, etxe bat izatea eta lanean egonkortasuna izatea. Ea datorren urtean kontuan hartzen dudan hori, saririk izango ez duten 6 dezimo erosi aurretik! Denok poztuko ginateke 400.000 euroko saria irabaziz gero, baina bizitzan badaude Gabonetako potoloa irabaztea baino sari hobeak: minbizia gainditzea, Etxebideko etxe bat lortzea, lanpostu finkoa eskuratzea…