2024 ABEN. 22 IRITZIA Gandua JOKIN URAIN Airean hautsa baino areago dabilen gandua da publizitatea. Hortxe daukazu egunero, lo ez zauden denbora guztian blaitzen, edozein bazterretan aurrez aurre. Eta, bazter eta zokoetan dagoena pasaeran ikusten ez baduzu, etxeko postontzira sartzen dizute, sakelako telefonora zer esanik ez, edo telebistara; eta ordenagailua isiotzen baduzu, kostako zaizu gandu horretan zeuk nahi duzuna bereiztea. Norbanakoena, taldeena, enpresa handi edo txikiena, kirolari dagokiona, ustez jende gutxiri interesa dakizkiokeen ariketei buruzkoa edo gizartearen sail handienaren arreta erakartzen eta eramaten omen duenaz ari dena… Zernahiri buruzko publizitate eta propagandak estaltzen du —gehiegitan kutsatu ere bai— ingurua. Norgehiagoka bizi den munduaren ispilu izango da, baina munduko gehienen errealitatearekin zerikusi handirik ez duen mundua da publizitateak erakusten eta sinetsarazten diguna. Mundu guztia bere lehiara eraman nahi duen gandua baita, egia eta iruzurra gero eta nahasiago, interes arrotzen dilindan azken tantaraino zurrupatu nahi digun izain mozorrotua. Zernahiri buruzkoa dela ere, ikus-entzulearentzat tentagarria izan behar du iragarkiak, eta sinesgarria, jakina. Eta azken batean geu bilakatzen gara segida emaile, gaitzesgarri zaigunaren katebegi. Propagandari sinesgarritasuna bakoitzak ematen baitiogu, geure nahiaren eta adikzioaren neurrikoa. Tentagarria izatea, berriz, bistan dago edozein gairi eransten zaion fantasia gehiegizkoak sobera bermatzen duela. Horrela, ezertarako balio ez duten gaiez gainezka bete ditzakegu armairuak, sotoak eta ganbarak, zenbait urte sasoitan batik bat. Edo egunerokoan ezertan lagunduko ez digun informazio kopurua jaso eta buruz ikasi dezakegu, errepikaren errepikaz norberak nahi gabe burmuinean itsasten direlako hainbat lelo. Ez gustagarriak direlako, jakina, bai baitira publizitate leloak entzun orduko atzera eragiten dutenak, baina haiek ere itsatsi egiten zaizkizu, mailukadak legez jasan ondoren behin eta berriz. «Gertukoak, zehatzak, fidagarriak», zioen duela ez asko —ez dakit oraindik jarraitzen ote duen— hemengo telebista publikoaren iragarkiak. Amorrua eta auzo-lotsa nahasian eta borborka eragin ditzakeen propaganda, eguneroko informatiboak nondik eta nola hasi eta bukatzen dituzten entzun eta ikusi ostean batik bat. Norbanakoena, taldeena, enpresa handi edo txikiena, kirolari dagokiona, ustez jende gutxiri interesa dakizkiokeen ariketei buruzkoa edo gizartearen sail handienaren arreta erakartzen eta eramaten omen duenaz ari dena… Zernahiri buruzko publizitate eta propagandak estaltzen du —gehiegitan kutsatu ere bai— ingurua.