2023 URT. 26 Artzaintzaren ekomuseoa, Erreizabal baserrian Erreizabal baserria, Legazpiko Telleriarte auzoan kokatuta, berezia da oso, artzaintzari eta gaztagintzari erabat loturik egoteaz gain, ateak zabaltzen dizkielako bisitariei, artzaintzaren lehena, oraina eta geroa ezagutzeko aukera paregabea eskainiz. Erreizabal baserria (Gasteizko Turismo Saila) Bidaiari Aitzkorri-Aratz Parke Naturalean dago XVI.mendeko baserria, gaztak ekoizten lan egiten duten artzainen errealitatea erakusten duena. Korta zuzenean ezagutzeaz gainera, Ekomuseoan artzaintza-jarduerarekin eta gaztaren ekoizpenarekin lotutako pieza-bilduma interesgarria dago ikusgai.Museoak, jakina, Euskal Herriko bizilagunen memoria kolektiboa gordetzeko balioko du, Erreizabal egun bizirik dagoen baserria delako, lanean jarraitzen duena, eta bertan artzaintzarekin zerikusirik duen guztiaren berri jasotzen delako, artzaintza sortu zenetik gaurdaino. Lanabesak ez ezik, antzinako artzaintza eta dagoeneko desagertuta dagoen bizimodu bat erakusten du. “Atzoko eta gaurko artzaintza” Museoa baserriko ganbaran dago kokatua, 160 metro koadro ditu eta bi gunetan banatuta dago. Lehenengoan, “Atzoko eta gaurko Artzaintza” ikus-entzunezkoa ikus daiteke. Artzaintza iruditan ikusteko eta paisaiaren soinua entzuteko aukera paregabea eskaintzen du, artzainaren lana eta urtaro desberdinetan abereekin egin beharreko lanak ezagutzeko. Bigarren gunean, berriz, erakusketa iraunkorra dago: artzaintzaren ingurune fisikoa, artzainak gizatartu duen paisaia, abereen transhumantzia, bordako artzaintza, kortak eta artzain-txabolak, latxa arraza, ardiaren bizi-zikloa, artzaintza eta Idiazabal gazta eskuz nola egiten den: tradizioa eta gaurkotasuna. Nahi izanez gero, 30 minututako ibilaldia eginez iritsi daiteke bisitaria museora. Mirandaola Parketik abiatzen da paseoa. Gainera, bertan ibilaldiaren informazioa eta Lenbur Lurralde-Museoak eskaintzen duen ikustaldi ezberdinetako sarrerak jaso daitezke.