2023 OTS. 10 Iruñeko Turismo Bulegoak 76.450 bisitari jaso zituen 2022an, pandemia aurreko zifretatik urrun Iruñeko Udalak jakinarazi zuenez, hiriko Turismo Bulegoak 76.450 bisitari izan zituen 2022an, eta sektorea pultsua berreskuratzen ari dela islatzen du horrrek, nahiz eta pandemia aurreko zifretatik urrun jarraitzen duen oraindik. Iruñeko Udaletxe plaza, gutxitan bezala. (Iñigo URIZ / FOKU) Bidaiari 2022an, Udaletxe plazako turismo-bulegoak aurreko urtean baino %44 bisitari gehiago izan ditu. Iaz 76.450 pertsona etorri ziren Iruñera (52.982, 2021ean), eta horrek islatzen du hiriak pixkanaka zifrak hobetzen ari dituela. Hala ere, pandemia aurreko urteetan 200.000 bisitari inguru jaso zituen Iruñeak. Bereziki argia da nazioarteko bisitarien susperraldia: 2022an 29.844 izan ziren, aurreko urtean baino %146 gehiago. Turismo bulegora hurbildu ziren gehienak familiak edo bikoteak izan ziren.Turismo bulegora joaten diren interesei dagokienez, gehienek (65,5) artearen eta kulturaren inguruko informazioa eskatu zuten. Estatu espainoletik kanpoko bisitarientzat Done Jakue bideari buruzko informazioa izan zen turismo bulegoa bisitatzeko arrazoi nagusia. Bisitariari informazioa ematen diotenei eskatutako laguntza-materialei dagokienez, hiriko mapak eta planoak eskatzen dituzte Estatu espainoleko bisitarien %85,8k eta nazioartekoen %72,25ek. Turismo-informazioa bulegotik kudeatzen dutenek, arreta presentziala emateaz gain, telefono edo posta elektroniko bidezko arreta ere ematen dute. Iaz Estatu espainoletik 3.671 eskaera egin ziren, eta 764 nazioartetik (2021ean baino bi aldiz gehiago). Estatu espainoleko bisitariei dagokienez, Madrildik 8.624 etorri ziren Iruñeko bulegora. Bestalde, Kataluniatik 8.825 jaso zituzten, eta Valentziatik 5.122. Datuetan ikusten da, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko 2.898 bisitari joan zirela 2021ean, eta 4.060 2022an. Eta gehienak abuztuan bisitatu zuten bulegoa. Nazioarteko bidaiariak, ordea, goi-denboralditik kanpo joan ohi dira Iruñera, batez ere irailean eta urrian, baita apirilean ere. Hori horrela da, Estatu frantsesetik etorritako pertsonen kasuan izan ezik. Izan ere, frantsesak dira atzerriko bisitarien talderik ugariena bulegoan, 11.411 bisitarirekin, 2021ean baino ia bi aldiz gehiago. Nazionalitate horren ondoren, jatorri ohikoenen taula osatzen dute Alemaniak, AEBk eta Erresuma Batuak 3.341, 2.200 eta 2.137 bisitariekin.Bi digitu baino gehiagoko bisitari-kopuruak kontuan hartuz gero, 2022an 36 nazionalitatetako pertsonak igaro ziren turismo-bulegotik.