2023 MAR. 23 Aparteko pasaiaz gozatzeko aukera ematen duten Gipuzkoako ermitak Paisaia apartekoez gozatzeko aukera ematen diguten ermiten aukeraketa egin du herrialdeko Foru Aldundiak, Irungo Ama Xentaletik hasi eta Oñatiko Sandaili ermitan amaituz. Pasai Donibaneko Santa Ana ermita. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA) Bidaiari Gipuzkoa Turismoak herriladeko ermiten hautaketa egin du. Ermitak inguruko komunitateen debozioa eta tradizioa jasotzen duten tenplu txikiak dira, baina gehienak eskaitzen dituzten paisaia ikusgarriengatik bisitatzen dituzte. Irungo Ama Xantalen ermita Panoramikoa ez bada ere, garrantzi handia du, dakigula X. mendean Gipuzkoan zegoen eliza bakarra baita. Izatez XIV. mendekoa da, baina I. mendeko tenplu erromatar baten gainean eraiki zen, eta oraindik ikusgai daude tenplu horren aztarnak. Oiasso museoaren parte da, eta merezi du museoa ikustea Gipuzkoan erromatarrek zenbateko garrantzia izan zuten ulertzeko. Pasai Donibaneko Santa Ana ermita Oiartzualde osoa ikusteko aukera ematen duen balkoi ikusgarri bat da; izan ere, ikuspegia Aiako Haitzetik portuaren bokaleraino iristen da. Ontziralekutik bertatik igotzen da bertara, harmailadi gogor baten bitartez. Ermita Santa Ana egunean baino ez da irekitzen, uztailaren 26an, pasaitar asko biltzen dituen erromeria batean. Santa Anaren eta Ama Birjinaren irudi bat du, benetan altxor bat dena: 1573an Flandrian erosi, eta itsasoz eraman zen Pasaiara. Atzealdean, erromesentzako aterpetxe bat dago. Bere garaian erromesen ospitale bat izan zen, eta orain ohikoa da Iparraldeko Done Jakue Bidea egiten dutenak bertatik igarotzea. Pasaiara etortzekotan, ezinbestekoa da bertara igotzea Zaldibiako Saturdiko ermita Goierrin gehien bilatutako irudietako bat da, baina askok gelditu gabe egiten dute aurrera. Larraitzeko zelaietatik Zaldibiarantz jaisten den errepidean dago, Gaintzako bidegurutzea atzean utzi ondoren. Bihurgune zabal batean ‘San Saturnino/Saturdi’ seinalea ikusiko dugu, eta hirurehun metroan iritsiko gara Txindoki piramidala atzean argazki bat baino gehiago mereziko duen txoko horretara. Zaldibiatik, jakina, alderantziz egin beharko dugu bidea. Garai batean Urtzuerreka esaten zioten, eta Gipuzkoara sartu-irtenak egiten zituzten merkatarien igaroleku zen. Erromeria bat egin ohi da ganaduarentzat zorte ona opatzeko eta euri ugari egin dezala eskatzeko. Kondairak dioenez, lehorte garaian ibaian sartu zuten santua. Egun hartan barra-barra egin zuen euria. Debako Santa Katalina ermitaEuskal kostaldeko geoparkearen begiratoki aparta. Aberastasun geologiko eta kulturala. Ikuspegia Zumaiatik Mutrikuraino hedatzen da, eta kostalde luzeagoa ere hartzen du barnean; flyschek eta barnealdeko mendi nabarmenek beren edertasun osoa erakusten dute. Ermita bera 1539az geroztik da erromesen iraganbide, eta Debatik ere erromeria ikusgarriak egin zituzten.Gaur egun meza bakarra egiten da, San Joan egunean, soroak eta sortak bedeinkatzeko. Agidanez, neska gazteak hona hurbiltzen ziren mutil lagun bila. Panel batzuek Arno eta Andutz mendien tontorrak markatzen dituzte –koral arrezifez osatutako mendigune karetsu bat da– eta flyschari buruzko oharrak ere egiten dituzte. Zestoako Santa Engraziako ermita Urola bailararen gaineko antologia panoramiko bat, Izarraitz mendigunea eta Pagoetako basoak nagusi direla. Urrutira, atze-atzean, Aiako Harria. Gipuzkoako ermita zaharrenetako bat da, eta barnean ikus daitekeen erlojuaren makineriarengatik nabarmentzen da.Erreziletik nahiz Aizarnazabaletik ibilaldi polit bat antola dezakegu, Etumetako edo Aizarnako gainak igota. Lazkaoko San Joan Ante Portalatiña ermitaHala dio sarrerako ateko errotuluak. Lazkaomenditik Zaldibiarako jaitsieran aurkituko dugun toki bitxi bat da, 1625ekoa; 1770ean, aldiz, San Joan Maizeko gisa agertu zen.Errepidez bada ere, merezi du Lazkaomenditik jaitsita nahiz Zaldibiatik igota bisita bat egitea, kilometro pare bat baino ez baitira. Larreak eta mendi paisaiak, berriro ere Txindoki buruan. Gorago, Saturdiren erreferentzian, dagozkion planak dituzue. Zarautzko Santa Barbara ermitaZarautzetik, merezi du ahalegin bat egitea eta txakolin mahastien artean begiratoki bikain horretara igotzea, Vista Alegre dorrearen begiratokitik ere igarota. Done Jakue bidea bertatik igarotzen da, eta Zarautzen gaineko ikuspegia ikaragarria da.Ermita 1703koa da; Zarauzko arrantzaleek eskatu zuten, eta harrapatutako bale bakoitzeko limosna bat emanez ordaindu zuten eraikuntza. Gaur egun, abenduaren 4an meza nagusi bat ospatzen da urtero eta, imajina dezakegun bezala, bazkarian amaitzen da. Diotenez, kanpaia debozioz jotzen bada urtebeterako sendatuko dira buruko minak. Errezilgo Erdoiztako ermita Zestoako Santa Barbara ermita bezala, Aizarnazabaldik Errezilerako errepidean aurkituko dugu, Etumetako edo Aizarnako gainak igarota. Oraingoan, Errezilgo udal mugarteko Erdoizta auzora joateko seinaleei jarraituko diegu Gipuzkoako ermita zirkular bakarra ikusteko.San Isidro ermita 1808an eraiki zen, erromatarren munduari erreferentzi argiak egiten dizkion estilo neoklasiko batean. Tolosako Aldabako ermitaAldaba Tolosako auzo bat da; Tolosatik Alegira doan errepidetik igotzen da bertara. Sarbidea zaila bada ere, merezi du San Migel Arkanjeluari eskainitako ermitaraino daraman lau kilometroko errepide bihurgunetsutik igotzea.Erretaularen ordez, Aralar mendilerroari begirako leihate ikusgarri bat dauka, Txindoki mendia erdian dagoela (Aralarren badago San Migel in Excelsis-i eskainitako santutegi bat ere). Ezkontza asko egin dira hemen.Astigarragako Santiagomendiko ermitaInformazio panelek esango digute paradiusra iritsi garela. Eta ez da gutxiagorako, Donostialde osoaren gaineko bistak apartekoak baitira hemen goitik. Ilunsentiaz gozatzeko leku oso gomendagarria da XIII. mendeko ermita hau. Donejakue Bideko puntu garrantzitsu bat izan zen, eta, diotenez, inguruko edozein harrik Santiago apostoluarekiko loturak hartzen ditu barnean. Oñatiko Sandaili ermitaEleberri beltz bateko eszenatoki bat dirudi eta, hain zuzen ere, Ibon Martinek bertan kokatuko du Plaza eta Janésekin aterako duen hurrengo nobelaren hasiera. Arantzazutik Arrikrutzera eta Araotz auzora daraman errepidean dago. Jaturabeko urtegia igaro eta berehala ikusiko ditugu Sandaili / San Elias-era joateko jarraibideak. Ermita honek aska bat du, emankortasunerako erritual zelta bat. Hein batean San Juan de la Peña kobazuloa dakar gogora. Ikuspegi kareharritsuak Aizkorri mendilerroaren bihotzean sartzen gaitu, eta hain justu Sandailitik oso gertu hasten da Aizkorriko begira, Aitzulora, joateko igoera, hemen gomendatzen dizueguna.