2023 EKA. 15 Guggenheim museoak Hogeita Bost Urte arkitektura saria jaso du Guggenheim Bilbao Museoak, Frank Gehry arkitektoak diseinatutakoak, Hogeita Bost Urte Saria lortu du, San Frantziskon egoitza duen American Institute of Architects (AIA) (Ameriketako Arkitektoen Institutua) elkarteak urtero eskaintzen duena. Bilboko irudia, Guggenheimekin. (Bidaiari | FOKU) Bidaiari Guggenheim Bilbao Museoari Hogeita Bost Urte Saria ematea erabaki dutenek jakinarazi duten arrazoia honako hau izan da: «Azken 25 urteetan aurrekari bat ezarri duen eraikina da, eta bere diseinu arkitektonikoagatik zein garrantziagatik bikaintasun-estandarrak ezartzen jarraitzen du oraindik ere». AIAk argitara eman duen komunikatuaren arabera, Guggenheim Bilbao Museoa «praktika analogikoaren eta digitalaren arteko une erabakigarrian» sortu zen eta, 1997an ireki zenetik, «hiriko bizitzaren zati integral bihurtu da». Sormena eta berrikuntza Bilboko itsasadarraren ondoan eraikia, «iragan industrialak hondatutako eremu batean», Museoa «sormenaren, berrikuntzaren eta hiru erakunderen arteko lankidetzaren lekukotza iraunkorra da: Frank O. Gehry arkitektoa, Solomon R. Guggenheim Foundation eta euskal erakundeak, «Bilbon proiektu aitzindari eta berezi baten alde egin zutenak, beharragatik eta egokitasunagatik aparteko zerbait sortzeko elkarrekin lan egin zutenak», gaineratu du.«Emaitza izan da maisulan arkitektoniko atenporal bat, gaur egun, amaitu eta 25 urtera, mundu osoko pertsonak inspiratzen jarraitzen duena», nabarmendu du. Ez da Guggenheimek jasotako lehen saria, zabaldu zenetik hamaika eskuratu baititu, gehienak mundu mailakoak, gainera. Egia esan, milaka turista erakartzen ditu urtero Bilboko museoak, Euskal Herriko txokorik bisitatuena bihurtuz.