bidaiari - bidaia aldizkaria

“BBK Artearen Ibilbidea” erakusketa ibiltaria, herriz herri

Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBK-k martxan jarritako “BBK Artearen Ibilbidea” erakusketa ibiltariak aurrera darrai. Ekimenak Bizkaiaren irudia erakustea du helburu, artearen historiako hainbat aldi ezberdinetako 30 artisten 36 artelanen bidez.

BBK Artearen Ibilbidea (BBK)

Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBK-k martxan jarritako “BBK Artearen Ibilbidea” erakusketa ibiltariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, “Bizkaiari begira” izenburupean, programak lurraldearen «erretratu» bat egiten du 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage baten bidez, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte.

Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute, hala nola landa guneak, Kantauriko kostaldea eta portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia edo Abra) edota hainbat udalerri eta eskualdetako hiri eta industria paisaiak (Bilbo, Erandio meatze herriak, Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea).

Giza presentzia, paisaiarekin bat

Era berean, giza presentziak paisaiarekin bat egiten du Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan (itsasoko jendearen, nekazarien eta langileen beharra, prozesioak eta mistizismoa, aisia, erromeria eta estropadak, bolo jokoa eta bertsolaritza).

Honako artista hauen lanak dira: Luis Paret, Antonio Maria Lekuona, Anselmo Ginea, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Inocencio Asarta, Manuel Losada, Fernando Amarika, Alberto Arrue, Valentin Zubiaurre, Aurelio Arteta, Julian Tellaetxe, Jose Arrue, Ricardo Arrue, Antonio Gezala, Celso Lagar, Jose Benito Bikandi, Juan Jose Landa, Jose Maria Uzelai, Nicolás Martínez Ortiz, Jose Antonio Ormaolea, Roberto Rodet, Agustin Ibarrola, Ricardo Toja, Mari Puri Herrero, Gabriele Basilico, José Ramón Morquillas, Daniel Tamayo, Patxi Cobo eta Jesus Mari Lazkano.

Trapagaranen egon ondoren –ekainaren 26ra arte Llano plazan–, Abanto Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Zornotza, Iurreta, Garai eta Durango bisitatuko ditu 'BBK Artearen Ibilbidea' programak azarora bitarte.