bidaiari - bidaia aldizkaria

Japonia, janari beganoen alde turistak erakartzeko

Janari beganoa aukeratu dute azkenaldiotan Tokioko eta Japoniako beste hiri batzuek euren jatetxeetara turistak erakartzeko. Eta, nonbait, joera-aldaketak arrakasta izan du, batez ere haragia jan nahi ez dutenen artean.

Plater begano bat. (PHILIP FONG | AFP)

Tokiok eta Japoniako beste zenbait hirik erakutsi nahi dute herrialdeko gastronomia ospetsuak haragia jaten ez dutenak ere ase ditzakeela. Eta, horregatik, turista gehiago erakarri nahian, janari beganoan jarri dute arreta; izan ere, milioika bisitarik arrain eta haragi ugari duen sukaldaritza japoniarra dastatzen duten bitartean, beganoek eta begetarianoek, aldiz, aukera gutxiago dituzte.

Dirudienez, egitasmoak arrakasta izan du. Adibide bat da Tokioko Izakaya Masaka taberna begetarianoa, beti beteta dagoena. Turista asko hurbiltzen dira Japoniako gastronomiako haragirik gabeko klasikoen (oilasko frijitua edo gyozak) bertsioak probatzera.

Tina Bui San Frantziskoko 36 urteko beganoak aitortu du irrikitan zegoela sojarekin frijitutako oilaskoa probatzeko taberna berrian. Hala ere, sentitzen du Japoniako aukera begetarianoak mugatuak izatea, Estatu Batuekin alderatuta.

Mintegiak, hitzaldiak...

Tokioko Gobernuak sukaldariei zuzendutako mintegiak antolatu ditu, eta adituak bidali ditu lokaletara oinarrizko osagaien alternatibak ezagutu ditzaten, hala nola arrain-malutak eta txerri-salda. Antolatzaileek esan dute hiriburuak turistei lagundu nahi diela egokitzapen horretan, eskaintza gastronomikoa zabalduz.

Jatetxe begetariano bihurtzeko ziurtagiriak eta dirulaguntzak eskaintzen dituzte, eta haragirik gabe sukaldatzen duten “bi enbaxadore turistiko” dituzte. Horietako bat Katsumi Kusumoto da, Saido jatetxekoa, plater klasikoen bertsio beganoak eskaintzen dituena, hala nola, tofu eta barazkiz egindako aingira txingarretan.

Plater aldaketak egitearen aldeko apustua egin duten jatetxe japoniarrak, dirudienez, pozik daude, bai bezeroen erantzunarekin, bai jasotako laguntzagatik.