bidaiari - bidaia aldizkaria

Venezuelako arepa, mundua konkistatzen

Caracasetik Tokiora, New York, Paris eta Hong Kong zeharkatuz, kaleko postuetan eta gourmet jatetxeetan... Arepa, artoz egindako platera, «mundua konkistatzen ari da», krisitik ihes egiten duten venezuelarren exodoak eta “gluten free” merkatuaren gorakadak bultzatuta.

Arepak prestatzen. (PHILIP FONG | AFP)

Aurrez egositako arto-irina, gatza eta ura nahastuz prestatzen da arepa. Ondoren, forma biribila ematen zaio eskuekin, eta minutu gutxitan egosten da xafla edo zartagin batean. Azkenaldiotan mundua konkistatzen ari den platera da.

«Erregina pepiatua»

Horiek zerrekin bete bakoitzak erabaki beharko du, bere gustuen arabera. Sormena librea da kasu honetan. Batzuek hozkailuko soberakinak aprobetxatzen dituzte eta beste batzuek, berriz, nahiago dute “erregina pepiatua”, venezuelar askoren platerik gogokoena, oilaskoa, ahuakatea eta maionesa dituena.

«Askok galdetzen didate: Nola ikusten duzu arepa munduan? Eta nik erantzuten dut mundua konkistatzen ari dela», aitortu du Ricardo Estrada Cuevas Venezuelako kritikari gastronomikoak. “Arepólogo: pan nuestro de cada día” liburuaren egilea da. «Venezuelar bat dagoen lekuan, arepa bat dago», gaineratu du. «Egunero jaten dute, gauero», dio Patrick Ribas liburuaren itzultzaileak. «Gauza aberats asko jar diezaiokezu, nahi duzunean (...) baina ezer gabe ere jan dezakezu diru asko ez duzunean».

Arepa maletetan

Zazpi milioi venezuelar baino gehiagok herrialdea utzi dute 2014az geroztik eta arepa eraman dute maletetan.

Marlyn Quiroga duela bost urte joan zen New Yorkera, eta bertan «denetarik» egiten hasi zen, iristen diren etorkin guztiak bezala», baina orain sukaldean aritzen da. “Arepa La Newyorquina” catering zerbitzua kudeatzen du lehen arrautza bat frijitzen ere ez zekien 47 urteko abokatuak.

Eta horrela gogoratzen ditu ibilbide berriaren lehen asteak: «Queensen atez ate jotzen hasi nintzen: edertasun-aretoetan, kontsultategietan, bulegoetan (...) laginak eskaintzen nituen dasta zezaten. Arabiarrak Venezuelan horrela hasten baziren beren produktuak atez ate saltzen, zergatik ez dugu guk hemen egingo?», galdetu du erantzunik espero gabe. Egun, New Yorkeko jaietan ogia baino nahiago omen dute arepa, «gluten free» direlako.