bidaiari - bidaia aldizkaria

Japoniako etxe orratzik altuena aurkeztu dute Tokion, 330 metrokoa

Tokio erdian, 330 metroko altuera duen Mori JP Tower etxe orratz berria aurkeztu du Mori Building enpresak, azaroaren 24an inauguratu aurretik. «Tokioren magnetismoa handitzen laguntzea» omen da helburua.

Dorre berriak 330 metro ditu. (RICHARD A. BROOKS | AFP)

Japoniako dorrerik altuena egiteko egitasmoa ez da berria, aspaldikoa baizik. «Berrurbanizazio-proiektuak 30 urte baino gehiago ditu. Orain hiria itxura hartzen ari da eta Tokio izugarri aldatuko da hemendik aurrera», adierazi du Shingo Tsuji enpresako presidenteak, eraikina prentsaren aurrean aurkeztu duenean.

Etxe orratz berria, 64 solairukoa, Pelli Clarke and Partners arkitektura estudio estatubatuarrak diseinatu zuen, eta erabilera mistoa izango du: bulegoen alokairua, egoitzak, Keioko Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboko Zentroa eta nazioarteko eskola britainiar bat (740 ikaslerekin), denda eta jatetxe ugariz gain.

Proiektuaren dorre nagusia Azabudai Hills konplexuaren parte da. Guztira, 861.700 metro kaoadroko eremua du, eta 1.400 etxebizitza hartzen ditu, 3.500 biztanle, 20.000 langile eta urtean 30 milioi bisitarirekin. «Hiri baten barruko hiri»a dela esan dute arduradunek.

«Gure irudimenetik haratago doan hiria sortzear dago. Hiri baten funtsa bere jendea da, bai, baina baita besteekin eta naturarekin duen lotura eta harremana ere. Plaza baten antza duten eraikinak behar ditugu», gaineratu du Tsujik.

Magnetismoa handitu nahian

Udazkenean publikoari ateak ireki aurretik, proiektuari azken ukituak emateko zain, Mori Buildingek esan du konplexuaren eta dorreen helburua dela «Tokioren magnetismoa handitzen laguntzea», «munduko hiri handienetako bat delako».

Konpainiaren arabera, Azabudai Hillsen kontzeptua “hiri-herrixka modernoaren” ideian oinarritzen da, eta espazio ireki handi bat ere izango du, naturaz inguratutakoa. Urtaro bakoitzean 220 landare-espezie landatuko omen dira, «pertsonak hurbiltzeko eta sormena sustatzeko».