bidaiari - bidaia aldizkaria

Notting Hill, inauterietan murgilduta

Londresko Notting Hill auzoko inauteri ospetsuek jendetza bildu dute aurten ere. Gainera, “Windrush belaunaldia” orain 75 urte iritsi zenez, karibetar eta afrikar kultura goraipatzen dituen jaialdiak edizio berezia prestatu du.

Notting Hilleko inauteriak. (HENRY NICHOLLS | AFP)

Urtero bezala, abuztu bukaeran Notting Hill inauteriak ospatu dira Londresko izen bereko auzoan. Hala ere, aurtengo edizioa berezia izan da, gerraostean Karibeko eta Afrikako lehen etorkinak herrialde honetara iritsi zireneko 75. urteurrena betetzen delako. “Windrush belaunaldia” deiturikoak arrasto handia utzi zuen Erresuma Batuan, II. Mundu Gerraren amaieran.

1966tik urtero ospatzen dira afrikar eta karibear jatorria duten komunitateek antolatako inauteriak. Koronabirusaren pandemiak bakarrik eten du jaialdia, 2019tik 2021era.

Milioi bat bisitari

Oraingo honetan ere, hiriburuko mendebaldeko ekitaldi jendetsuak musika, dantza, kaleko janari postuak, turistak eta herritarrak bildu ditu festa giro koloretsuan. Milioi bat bisitari inguru erakartzen ditu normalean eta aurten ere hala izan da.

Sadiq Khan Londresko alkateak ohar baten bidez adierazi duenez, «Notting Hilleko inauteriak munduko kale-jaialdirik handienetakoak dira, eta, dagoeneko, gure hiriko izaeraren parte dira. Karibeko historiaren eta kulturaren ospakizunak munduko hiririk onenetakoa bihurtzeko Londresek behar duen guztia biltzen du».

«Guztiontzako hiri justuagoa eta oparoagoa eraikitzeko lanean jarraitzen dugu eta pozik nago jaialdia berreskuratu dugulako; gainera, inoiz baino indartsuago», esan zuen.

Urte hau, gainera, «berezia» da, Khanen arabera, HMT Empire Windrush transatlantikoaren iritsieraren 75. urteurrena betetzen delako, Windrush izeneko belaunaldia ekarri zuena.

Jaialdian parte hartu zuen Matthew izeneko jamaikar-kanadar baten hitzetan, «inauteriak gure historiaren askatasunaren isla dira. Kolonizatuak eta esklabo bihurtu gintuzten baina orain Londresen ospatzen dugu».