bidaiari - bidaia aldizkaria

Angostoko Santutegiko azoka, Valdegovia ezagutzeko aitzakia

Udazkena ate joka dabilenean, irailaren lehen igandean, Angostoko Santutegian hitzordu berezia ospatuko da: Nekazaritza eta abeltzaintza azoka. Gainera, aurten 30. edizioa izango da. Beraz, aitzakia paregabea da Santutegia eta inguruak ezagutzeko.

Nekakazariek euren postuak jarriko ditzute, urtero bezala. (FOKU)

Irailaren lehen igandean, Angostoko Santutegiaren ingurua nekazaritza eta abeltzaintza azoka tradizionalaren lekuko izango da berriro. Aurten, gainera, Añanako Landa Garapenerako Elkarteak antolatutako hitzorduak 30 edizioa beteko du.

Azoka Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Vital Kutxaren Fundazioaren, Añanako Koadrilaren, Gaubeako Udalaren, Villañaneko Administrazio Batzordearen, Guraso Pasionisten Komunitatearen eta Radio Vitoriaren lankidetzarekin antolatu da, eta helburu nagusi du «herritarrei ezagutaraztea» Añanako eskualdean eta haren inguruan kontsumo produktuak lantzen, hazten eta egiten dituzten nekazarien, abeltzainen eta artisauen lana.

Beti Santutegiko zelaietan

Topaketa tradizionala 1992an berreskuratu zen, denbora luzez ahaztuta egon ondoren, eta ordutik toki berean ospatu da, Angostoko Santutegiko zelaietan. Azoka honen abeltzaintza izaera eta produktu artisau eta lokala berreskuratzeko asmoz, bertaratzen direnak abere autoktonoengana (behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak) hurbildu ahal izango dira, eta barazkiak, lekaleak, gaztak, marmeladak, zukuak, eztia, hestebeteak eta haragia, olioa, txakolina eta antzekoak erakusteko zein saltzeko postu artean ibili ahal izango dira. Horrez gain, zeramika, forjak, egurra eta antzeko materialak lantzen dituzten artisauak ezagutuko dituzte aurrez aurre.

Hamaika ekitaldi

Bestalde, Añanako ADR elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu bisitariek jaiaz ahalik eta gehien goza dezaten, hala nola txikientzako sukaldaritza tailerra bertako produktuekin (Salcedoko lurra, papera eta guraizeak), txapel tailerra galzorian dauden bertako arrazetako animalien marrazkiak koloreztatzeko, egurrezko joko handiak, artzain txakurraren erakusketa, eta eskualdeko emakume ekintzaileen argazki erakusketa (Gaittun elkartea). 13:30ean Euskal Okelako hanburgesak dastatzeko aukera ere izango da Euskal Ogiarekin.

Azkenik, Aita Pasiotarren komunitateak hainbat elizkizun ospatuko ditu Angostoko Andre Mariaren Santutegian eta goizean zehar Gesaltza Añanako txarangak alaituko du azoka.