bidaiari - bidaia aldizkaria

Diaspora: mundu zabaletik Gernikara

Batetik, kanpoan dagoen euskal komunitate handia ezagutaraztea eta, bestetik, Euskal Herria migratzailea izan zela eta izaten jarraitzen duela kontzientziatzea. Horiek dira Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatzearen helburuak.

Aurtengo edizioko kartela. (Eusko Jaurlaritza)

Diasporaren Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala Gernikan izango da, irailaren 8an, Euskal Herria museoko lorategietan. Sarrera librea izango da eta ekitaldia munduko bazter guztietatik zuzenean jarraitzeko aukera izango da streaming bidez (https://www.irekia.euskadi.eus/es/events/87680).

Antolatzaileen arabera, Gernika-Lumo eta eskualde osoa estuki lotuta daude emigrazioarekin. «Inguru horretako familia askok ehunka istorio gordetzen dituzte eta migrazio errealitate hori partekatzen dute. Busturialdetik eta bere ingurutik ehunka pertsona atera ziren bost kontinenteetara, etorkizun hobearen bila», esan du Eusko Jaurlaritzak.

Bada, Euskal Diasporari omenaldia egingo zaio, munduan zehar sortutako euskal komunitateek egiten duten lan handiari, bai eta diaspora berriari ere. Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendariak idatzitako musika eta antzerki lan baten bidez, euskal migrazioaren iraganaren eta orainaldiaren bi errealitate horiek antzeztuko dira. “Mundu bat inguruan” lanak XX. mendeko eta egungo historia pertsonal errealak ditu abiapuntu, eta migrazio esperientzien eta gure oraintsuko historiaren une desberdinetan partekatutako historien arteko elkarrizketa eragiten saiatzen da.

“Basques in Australia” erakusketa

Gainera, Euskal Herria museoan Euskal Australiar Elkarteak egindako erakusketa bat inauguratuko da. Elkarteak “Basques in Australia” du izena, eta Australiarako euskal emigrazioaren ibilbidea egiten du. Argazkiz eta testuz betetako hamar panel ditu erakusketak, emigrazioaren fase guztiak jasotzen dituztenak. Irailaren 7tik zaroaren 5era bitartean bisitatu ahal izango da.

Aldi berean, Alemania, Argentina, Belgika, Txile, Kolonbia, Espainia, AEB, Frantzia, Peru, Uruguai, Venezuela eta munduko beste euskal etxe eta erakunde batzuek hainbat jarduera egingo dituzte egun horretan.