2023 URR. 05 “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa”, Aranzadiren eskutik “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa” argitaratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa. Ikerlanak sei urte iraun du eta 60 ornitologo baino gehiagok hartu dute parte. Argitalpena prentsaurrean aurkeztu zuten. (Jon URBE | FOKU) Bidaiari Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratutako “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa” ikerlana egiteko, «orain arte inoiz jorratu ez den zehaztasunez» jaso dira datuak. EAEko hegazti faunaren aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona jasotzen duen atlasaren edizioa Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia sailak gidatu du, Juan Arizagaren zuzendaritzapean. Arizagak berak azaldu du ikerketa hau «gure lurraldeko hegazti faunaren aberastasunaren erradiografia» dela. «Metodologia zientifikoaren bidez, gure hegaztien egoerari buruzko informazio zehatzagoa izatea lortu dugu: ugaltze espezie guztien kopurua, espezieen ugaritasunaren kalkulua edo habitaten araberako populazioen tamaina, besteak beste», adierazi du. Lan hori ornitologian adituak direnekin egin da. 5x5 kilometroko UTMko lauki edo gelaxken arabera zenbatu eta hartu dituzte datuak, eta eraztunak dituzten hegaztien datuak ere kontuan izan dira, baita ornitho.eus fauna bistaratzeko plataforman jasotakoak ere. 180 hegazti espezie ugaltzen dira Horrela, Aranzadiren ikerketak ondorioztatu du EAEn 180 hegazti espezie ugaltzen direla, horien artean 175 autoktono eta 5 exotiko. Espezie ugarienen artean, txolarre arrunta (390.000 banako) txantxangorria (330.000), txepetxa (290.000), zozo arrunta (280.000), txinbo kaskabeltza (280.000), txonta arrunta (270.000), kaskabeltz handia (210.000) eta erregetxo bekainzuria (160.000) nabarmentzen dira. Liburuaren ondorioen artean, kontserbazio egoera onenean dauden espezieak basokoak direla azaldu dute, adibidez okil beltza; nekazaritza-inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude. Habitat horiei lotutako espezieen %30ek nabarmen murriztu dute banaketa eremua mendearen hasieratik, eta hori da antzandobi arruntaren kasua, atlasaren azalean ilustratutako espeziearena, hain zuzen. “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa” EAEko hiriburuetan aurkeztuko da urrian, 19:00etan: 17an, Aranzadi Zientzia Elkartearen Donostiako egoitzan; 19an, Gasteizko Atarian eta 26an, Bilboko La Bolsa eraikinean. Aurkezpen egunotan %10eko deskontuarekin erosi ahal izango da liburua.