2023 URR. 10 Zinema ibilaldia Bizkaiko zenbait herritatik “Zinemakumeak Gara!” jaialdiaren eskutik Bizkaiko zenbait herritan emakumeak protagonista duten zinema-emanaldien ibilaldia egingo da urriaren 16tik 31ra bitarte, Zinemakumeak Gara! zinema erakusketaren 28. edizioaren baitan. Hamaika jarduera prestatu dute. Aurtengo edizioko kartelaren irudia. (Zinemakumeak Gara! ) Bidaiari Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinema erakusketaren 28. edizioa urriaren 16tik 31ra bitarte egingo da Bilboko zenbait gunetan, eta, astebete geroago, Basauri, Portugalete eta Bermeora zabalduko da programazioaren bertsio laburtu batekin. Aurten, gainera, Alice Guy historiako emakumezko lehen zinemagilearen eta fikziozko lehen lanaren egilearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko du. Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, hainbat jarduera izango dira, besteak beste, film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai inguruak, zenbait emakume zinemagileren irudia aldarrikatzeko testuak eta ilustrazioak biltzen dituen erakusketa, eta Bilbon beren filmak jendaurrean aurkezten izango diren emakumezko zuzendari gonbidatuekin topaketak. Bada, Zinemakumeak Gara! erakusketaren aurtengo edizioa BBK Salan, BilbaoArten, Golem Alhondiga zinema aretoetan eta Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan egingo da, urriaren 16tik 31ra, eta astebete geroago egitarauaren bertsio laburtua iritsiko da Basaurira, Portugaletera eta Bermeora. Bederatzi film luze proiektatuko dira, Cannes, Locarno, Seminci eta Berlingo zinemaldietan parte hartu dutenak, eta horien artean dago Isabel Helgueraren “El sueño de la sultana” animaziozko film luzea, Zinemaldiko sail ofizialetik igaro. Zazpi film labur ere emango dira (guztiak euskarara azpititulatuak). Zinema erakusketaren inaugurazio ekitaldian Simone de Beauvoir 2023 Saria emango zaio Silvia Munt zinema, antzerki eta telebistako zuzendari eta aktoreari, «kameraren bi aldeetan egindako ibilbide bikaina goraipatzeko». “Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas”Gainera, urriaren 16tik 31ra bitartean “Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas” izeneko erakusketa egongo da ikusgai Indautxuko metro geltokian, Zinemakumeak gara! elkarteak antolatua, BBK Fundazioaren babesarekin eta Metro Bilbaoren laguntzarekin. Zinema erakusketaren parte hartzaileen artean honako hauek daude, besteak beste: Andrea Jaurrieta zuzendari eta gidoilaria, Ana Hormaetxea gidoilaria, Izibene Oñederra animatzailea, Begoña Vicario animaziozko zinemagilea, Nuria Vidal idazle eta zinema kritikaria, Paula Iglesias (Hondarrak), Mabel Lozano (Ava), Vicenta Alonso de la Cruz (Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialeko Berdintasun Batzordeko koordinatzailea) eta Nagore Cenizo Arroyo aktorea.Gainera, aurreko urteetan bezala, ikus-entzunezko tailer bat izango da eta Deborah Garcia eta Tania Lopez arte historialari eta kultura kritikariek emango dute, “Léelas como una chica (genero ikuspegia duen analisi zinematografiko bat)” izenburupean. Zinemakumea Gara! erakusketaren edizio honetako kartela Ruth Juan ilustratzaileak egin du eta Alice Guyren “La salida de Arlequín“ eta “Pierrette” (1900) film laburretan oinarrituta dago.