2023 AZA. 15 Itsas hondakinak biltzeko ekintza bateratua, Gipuzkoako sei herritan Gipuzkoako zenbait herritan –Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian– hondakinak bilduko dituzte herritarrek azaroaren 26an. Ekimena Itsas Zaintza Sareak antolatu du, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan. Zaborra jasotzeko elkartuko dira herritarrak zenbait herritan. (GETTY Images) Bidaiari Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak biltzeko sei ekintza bateratu antolatu ditu azaroaren 26rako Gipuzkoako Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan. Itsasoaren kontserbazioa sustatzeko helburua Itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen duten Gipuzkoako 20 eragilek osatzen dute Itsas Zaintza Sarea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako sareak itsasoaren kontserbazioa sustatzeko helburua du, inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa azpimarratuz. Horrela, sareko arduradunek jakinarazi dutenez, azaroaren 26an, 11:00etan, itsas hondakinen bilketak egingo dira Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian, sareko eragileen ezagutzari esker identifikatutako itsas hondakin metaketa gune estrategikoetan. Gainera, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan topaketak egingo dira Gipuzkoako arro bakoitzean Mater ontzian, Itsas Zaintza Sarea aurkeztu eta bertara batzera sustatzeko asmoz. Bi ekintzetan parte hartzeko info@mater.eus helbide elektronikora idatzi edo 619 814 225 telefono zenbakira deitu behar da. Azken urteetan ugaritu egin dira mota honetako ekintzak Euskal Herriko herrietan, batez ere, kostaldean, herritarren parte-hartzearen garrantzia ere zabalduz doalako ingurumena zaindu beharraren inguruan.