bidaiari - bidaia aldizkaria

Erromako Foro Inperialen ibilbidea hobetzeko, nazioarteko lehiaketa

Erromako Foro Inperialen ibilbidea hobetzea du helburu hirian antolatu berri den lehiaketak. Zehazki, urtero bertaratzen diren milaka bisitariren ikuspuntua aberastu nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. Jakina, parte-hartzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Koliseoaren irudia. (Getty)

Erromako Udalak nazioarteko proiektu lehiaketa jarri du abian, Foro Inperialen bisitaren esperientzia hobetzeko eta munduko hondakinik ospetsuenetakoei begiraleku berriak eskaintzeko. Proposamen arkitektonikoak abenduaren 29ra arte bidal daitezke.

Erromako Udalak lehiaketara ateratako “Pasealeku arkeologiko berriak” Palatino muinoa inguratu beharko du nahitaez, bertako foroak, Koliseoa, Zirku Gorena eta Kanpidoglioa lotzeko. Azken finean, lehiaketa antolatu dutenen helburu nagusia da bisitarien ibilbidearen esperientzia hobetzea.

Lehiakideek, jakina, baldintza gehiago bete behar dituzte. «Foro Inperialen ardatzaren eta inguruko eremuen ikuspegia hobetuko duten oinezko espazioen artikulazioa» abian jartzeko proiektuak garatu beharko dituzte, «ikusmen-angelu berriak» asmatzeaz gain.

«Oinezkoentzako eraztuna»

Halaber, Palatino osoa inguratuko duen oinezkoentzako eraztun bat proiektatzea eta landaretza berria proposatzea eskatuko zaie lehiakideei. Eta zehaztu dute proiektu arkitektonikorako aurrekontua, guztira, 474.270,17 eurokoa da.

Roberto Gualtieri alkate erromatarrak aurreratu du hiriak «aurpegia aldatuko» duela 2025eko Jubileoari begira, eta 282 milioi euro inguru bideratuko direla erdigunean azpiegitura berriak eraikitzeko; hau da, «arkeologia-eremuan inoiz egin den inbertsiorik handiena».