bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Munduari bira eman zion ontzia’ erakusketa, Planetarioan

Joseba Sarrionandiak idatzitako ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua Iruñeko Planetarioan ikusgai izango den erakusketaren ardatza izango da. Karrikirik antolatu du ekimena Pamiela argitaletxearekin batera.

Erakusketaren kartela. (Karrikiri)

Karrikirik, Pamiela argitaletxearekin batera, Joseba Sarrionandiak idatzitako ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburuko ilustrazioekin erakusketa antolatu du, Iruñeko Planetarioan ikusgai izango dena otsailaren 21etik martxoaren 5era bitarte.

Goizetan bisita gidatuak izanen dira. Iruñerriko zenbait eskola, ikastola eta institututik hurbilduko dira ikasleak, guztira 350. Euskaltegietako taldeak ere bertaratuko dira, antolatzaileek aurreratu dutenez.

Dena dela, Planetarioan ikusi ahal izango da erakusketa, ohiko ordutegian.

Ares ilustratzailearen irudiz osatuta

Ares ilustratzailearen irudiz osaturiko erakusketa da Pamiela argitaletxearekin batera Karrikirik antolatutakoa. Liburuko ilustrazioak pasarteekin batera aurkeztuko dira, liburuan presente dauden gaiekin, bidaiatzeko aukera eskainiz.

Erakusketa otsailaren 12an zabalduko da eta aurkezpen ekitaldian, 19:00etan, Planetarioan bertan izango dira Joseba Sarrionandia, Oihane Garmendia eta Mirentxu Oteiza. Liburuaren inguruko solasaldian hartuko dute parte. Sarrera librea izanen da hurbildu nahi duen ororentzat.

Liburua eskuragai dago Xabier karrikako Karrikiri Euskal Dendan eta baita online dendan ere.

Unitate didaktikoa

Erakusketa, alabaina, proiektu zabalago baten parte da. Bi proiektu desberdin, eta aldi berean, haien artean osagarriak direnak proposatu zaizkie zenbait ikastetxe eta euskaltegiri. Bata hizkuntz adierazpenean eta bestea adierazpen artistiko eta filosofikoan oinarritutakoak. Hain zuzen ere, azken hau Oihane Garmendiak sortuta. Mirentxu Oteizaren laguntzarekin ondu dute proposamena.

Ikasleak proiektu hauek lantzen aritu dira azkeneko asteetan. Lanketa hori eginda iritsiko dira Planetarioko erakusketara eta bertan Pamielako Juana Sanchez arituko da azalpenak ematen.