2024 MAR. 19 Artxandako funikularra, maizago Martxoaren 18tik aurrera, maiztasun handiagoa izango du Artxandako funikularrak egunaren erdiko orduetan. Helburua da erabiltzaileen joan-etorriak arintzea, azken urteotan bidaiari kopuruak gora egin duelako. Artxandako funikularra. (ELA) Bidaiari Artxandako funikularrak maiztasun handiagoa izango du egunaren erdiko orduetan martxoaren 18tik aurrera, erabiltzaileen joan-etorriak arintzeko, azken urteotan bidaiari kopurua gehitzen ari baita apurka-apurka. Horrela, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, 11:00etatik 20:00etara, bidaiak hamar minutuan behin egingo dira, eta ez 15 minuturo, orain arte bezala. Ordutegi horretatik kanpo, egungo maiztasunari eutsiko zaio, bidaiak 15 minutuan behin eskainiz. Neurri hori pixkanaka ezarriko da, zer-nolako emaitzak lortzen diren kontuan hartuta. 60 lagun Gainera, zerbitzu osoan zehar, jende asko ibiltzen den uneetan, 60 lagun sartzen direnean hasiko da bidaia (gehieneko kopurua), ordutegiari begiratu gabe. Bitarteko bidaia bat egin behar bada, 60 pertsonako edukiera lortu delako ohiko ordutegia baino lehenago, eta, horren ondorioz, ezin bada hurrengo bidaia egin aurreikusitako ordutegian, lehenbailehen egingo da. Bestalde, jaiegunetan, udako jaiegunen bezperetan eta Aste Nagusian, maiztasun irizpide bera aplikatuko da, aldi horietako beharretara egokituta. Funikularraren ordutegia lanegunetan 07:15etik 22:00etara da, jaiegunetan 08:15etik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) zerbitzua 23:00etara arte luzatzen da ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan. Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko bost metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro), eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan. Gainera, berrikuntzak sartzen joan dira ematen dituen zerbitzuetan, hala nola doako bisita gidatuak, bai gaztelaniaz bai euskaraz.