2024 MAR. 19 Hamaika jaurduera Atarian eta Olarizuko Lorategi Botanikoan Apiriletik ekainera bitarte Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak 67 jarduera eskainiko ditu Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan eta Olarizuko Lorategi Botanikoan. «Helburu dibulgatiboa eta formatu atsegina eta dibertigarria» dituen egitaraua osatu dute. Ataria. (Gasteizko Turismo Saila) Bidaiari Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, ibilbide naturalistikoak, familia jarduerak... Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak 67 jarduera eskainiko ditu, apiriletik ekainera bitartean Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan eta Olarizuko Lorategi Botanikoan egingo direnak. Horrela, Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroak naturan gozatzeko jarduerak proposatuko ditu, hala nola txorien txioak ezagutzeko tailerrak edo polinizatzaileekin, armiarmekin eta intsektuekin miniaturazko bizitza familian ezagutzeko jarduerak. ‘BioAbenturak’ ekimenak ere jarraipena izango du aurten eta, Arabako Aldundiarekin elkarlanean, bi parke natural eta Badaia bisitatzeko aukera eskainiko du. Ostegunetan hitzaldiak izango dira, era askotako gaien ingurukoak, besteak beste, Arabaren bihotza edo laborantzan artropodoek duten garrantziari buruzkoak. Gainera, lurraldeaz familian gozatzeko eta basoa arakatzeko gonbidapena egiten duten liburuak ere aurkeztuko dira. Udaberriari agur esateko udako solztizioa ospatuko da Atarian, Eguzkia-Lurra-Ilargia sisteman oinarritutako proposamenarekin, eta ‘Poetak maiatzean’ jaialdiaren baitan bi jarduera egingo dira.Olarizuko lorategi botanikoan Bestalde, Olarizuko lorategi botanikoan basoko landareak ezagutzeko tailerrak eskainiko dituzte, sendabelar gisa nahiz sukalderako duten erabileragatik, edo inspirazioko eta sormenerako iturri direlako. Ibilbide naturalistikoen artean, Europako estrepak ezagutzeko proposamena nabarmentzen da. Gainera, nahi dutenek zertxobait gehiago ezagutu ahal izango dute Jundiz muinoaren edo Arabako Lautadako erroten inguruan. Familiei zuzendutako asmo handiko proposamen bat ere prestatu dute Olarizun, abiapuntutzat hartuta zuhaitzek ezkutuan dituzten istorioak, ipuin kolaboratibo handi bat inprobisatzea eta sortzea, hain zuzen. Bestalde, apirilaren 17an, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitateko udal teknikariek Gasteizen dauden flora eta faunako espezie mehatxatu ugarien kontserbazio egoera hobetzera bideratu dituzten jarduerei buruzko azalpenak emango dituzte.