bidaiari - bidaia aldizkaria

Donostiako bisita gidatu turistikoetako taldeak 25 lagunekoak izango dira gehienez

Donostiako Udalak hirian dabiltzan turista taldeak arautuko ditu, Donostia Turismoa erakundearen bitartez. Aurki onartuko du bisita gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea, bisita gidatuetan gehienez ere 25 lagunek parte har dezaten.

Gehienez, 25 lagun izango dituzte bisita gidatuen taldeek. (Getty Images)

Turismoaren inguruan Donostiako Udalak hartutako neurria apirilaren 10etik egongo da indarrean. Esan dutenez, tokiko gida enpresekin adostu dute, muga hori errespetatzeko konpromisoa hartu baitute. Gainera, gida zerbitzuak emateko ordu muga ere ezarri da, 08:00etatik 23:00etara bitarte, hain zuzen.

Donostiako Udaleko Kultura, Turismo eta Euskara saileko arduradunek neurria aurkezteko agerraldian azaldu dutenez, mundu osoko bisitari, turista eta txangozaleen kopuruaren hazkundearekin bat, bisita gidatuen taldeen kopuruak nabarmen egin du gora Donostian azken urteotan. Talde horien presentziak eragina du hiriko eguneroko bizitzan eta bertako biztanleengan, batez ere jende gehien biltzen den lekuetan, eta horietan bizikidetza eta mugikortasuna baldintza dezake.

Horregatik, Udalak eta Donostia Turismoak taldeen presentzia mugatu nahi dute, baita presentzia turistiko hori eta jarduera turistikoa bizilagunekiko bizikidetzarekin harmonizatuko dituen egoera sustatu ere. «Eskuartean duguna eta kezkatzen gaituena turismoaren kudeaketa da, eta horrek proaktiboa izatea eta aurrea hartzea esan nahi du. Sektorean aukera berriak sortzeko eta donostiarren bizi kalitatea hobetzeko. Aurrea hartzea arazoak aldez aurretik detektatzea eta konponbideak jartzea ere bada», adierazi dute.

Gainera, sektorearen eta, kasu honetan, turismo jardueran aritzen diren tokiko enpresen laguntza eta inplikazioa eskertu dute, udal zerbitzuekin batera jarduera hori garatzeko esparrua adostu dutelako.

Erantzukizuneko adierazpena

Hiriko bide publikoan bisita gidatuak egin nahi dituen turismo gidarien enpresa orok ‘Erantzukizuneko adierazpena’ egin beharko du, ziurtagiri digitalaren bidez. Horrela, enpresak edo gidak jarduera egiteko baldintza batzuk betetzeko konpromisoa hartuko du, besteak beste, 25 pertsonatik gorako taldeak ez gidatzeko konpromisoa.

‘Erantzukizuneko adierazpena’ izapidea egitean, gida zerbitzuen enpresak edo gidak jarduera gidatua egiten duen bitartean berekin eraman behar duen erregistro zenbakia duen dokumentu bat lortuko du, paperean edo euskarri digitalean. Udaltzainek adierazpena eskatu ahal izango diote bisita gidatua egiten ari den profesionalari, eta, halakorik ez badu, 750 eta 1.500 euro arteko isunekin zigortu ahal izango du.

Aurreratu dute, halaber, «garrantzitsua» izango dela «neurriaren jarraipena egitea, ondorioak neurtzea, sortzen diren kasuistikak ikustea eta sektorearekin aztertzea». «Garrantzitsua da neurtzea hobetzen jarraitzeko», gaineratu dute.

Talde turistikoen lagunen muga apirilaren 10ean jarriko da martxan, ondorioak aztertuko dira, eta ez da baztertzen etorkizunerako araudi zehatz bat bultzatzea.