bidaiari - bidaia aldizkaria

Bisita gidatuak ‘Emakume Zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea’ erakusketa ikusteko

Martxoaren erdialdetik zabalik dago Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Erakusketa Aretoan ‘Emakume Zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea. Zamalanetan aritzen ziren andrazkoak’. Ikusi ez ezik historian sakondu nahi dutenek aukera paregabea dute antolatutako bisita gidatuetan parte hartzeko.

Erakusketaren irudia. (Oskar_Matxin_Edesa | FOKU)

‘Emakume Zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea. Zamalanetan aritzen ziren andrazkoak’ eraskuketa ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak.

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Erakusketa Aretoan dago ikusgai martxoaren 19tik eta maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.

Hiru bisita gidatu antolatu dira. Lehena martxoaren 19an egin zen eta gainerako biak apirilaren 25ean eta maiatzaren 15ean izango dira, biak 18:30etatik aurrera.

Amaia Apraiz eta Maria Romano

Bisitak ikerketa lanaren egileak diren Amaia Apraiz Sahagúnek eta María Romano Vallejok gidatuko dituzte. Bisitan zehar, historikoki emakumezkoek gure merkatuak eta beste herrietako merkatuak hornitzen zituzten produktuen zamalanetan izandako presentzia eta garrantzia aztertuko da.

Euren indarraz eta kemenaz lurraldearen garapen ekonomikoaren funtsezko adarra izan ziren emakume ikusezinei egindako omenaldia da erakusketa. Dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta koadroen erreprodukzionak batu ditu.

Hainbat iturri erabili dituzte erakusketa eta liburua osatzeko. Honako hauek, besteak beste: Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bilboko Udal Artxiboa, Euskal Herriiko Artxibo Historikoa, Bilboko Portu Agintaritza, Sancho el Sabio Vital Fundazioa, Bilboko Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa.

Sarrera librea izango da baina aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa Enkarterri museoko webgunean.