2024 MAR. 26 Lamiako itsasadarreko bulebarraren lehen tartea, zabalik Lamiako itsasadarreko bulebarraren lehen tartea zabaldu da. Guztira, hiru kilometro dira eta Lamia (Leioa) eta Altzaga auzoak lotzen ditu. Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan. Zabaldu berri den tartearen irudia. (Bizkaia.eus) Bidaiari Leioako Lamia auzoa eta Altzaga (Erandio) lotzeko trazatuaren lanak iazko ekainean hasi ziren. Hiru kilometroko lehen tarte hori Altzagatik Elorrietara (Bilbo) bitarteko tartearekin osatuko da. Hala, 6,5 kilometroko ibilbidea itxiko da eskuinaldean zehar, eta ezkerraldearekin lotuko da, All Iron Zubia pasabidearen bidez. Itsasadarreko bulebarraren lehen tartea zabaldu berri da. Lamiako auzotik (Leioa) Altzaga auzora (Erandio) bitarteko hiru kilometroak zeharkatzen ditu. Bizkaiko Diputazioak jakinarazi duenez, Bulebarraren lehen tartearen ibilbidean, sei hegal-tarte egin dira, errepidearen plataforma obra gauzatzeko nahikoa ez zen eremuak zeharkatzeko. Hegal-eremu horiek 216 metro lineal hartzen dituzte guztira, eta hainbat teknika erabili dira horiek eraikitzeko; besteak beste, kontrapisua duten lauzak, mikropiloteak lehendik zegoen plataforman eta harriaren gaineko piloteak itsasadarrean. Bigarren fasea Aldi berean, lehen tarte hau zerbitzuan jartzearekin batera, bulebarraren bigarren faseko lanak egiten jarraitzen dute, Altzagatik Elorrietaraino (Bilbo) doan tartean. Aurreikuspenen arabera, bigarren fase hau datorren urteko maiatz aldera amaituko da, 20 hilabeteko lanen ondoren. Hala, itsasadarreko bulebarra guztiz osatuta egongo da, eta Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezko eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu, 6,5 kilometroko ibilbide batekin, egungo BI-711 errepidean. Orobat, bulebarra ezkerraldearekin konektatuko da, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako All Iron zubiaren bidez. Hala, bi azpiegiturek metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dute. Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metro zabaleko bizikleta-bide bat izango da. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Berebat, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera uzteko.