2024 MAR. 27 Segura ezagutzeko ez da aitzakiarik behar Urtean zehar bisita daiteke Segura, baina Aste Santua da herriak bisitarik gehien hartzen dituen garaia, batez ere ostegun eta ostiralean. Herrian egiten diren prozesio ezagunak dira amu nagusia, Erdi Aroko Goierriko hiribildua ezagutzeko aitzakia. Erdi Aroko Azokaren irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Bidaiari Urtero, Ostegun eta Ostiral Santuan, dozenaka bisitari izaten ditu Segurak, batetik bertako prozesio ezagunak ikusteko eta, bestetik, herria eta inguruak ezagutzeko. Izan ere, 300 herritar baino gehiagok parte hartzen dute hiriko Erdi Aroko hiribilduko kaleak zeharkatzen dituzten prozesioetan XVII. mendetik. Elizatik atera eta Kale Nagusia zeharkatzen du, hamar pausoz osatuta. Eta gero berriro itzultzen da bidean zenbait geldialdi eginez. Kontuan izan behar da Segurako hirigune historikoak Erdi Aroko trazadurari eusten diola eta iraganaren handitasuna islatzen duten oinetxe eta jauregi dotore ugari dituela. Herriko iingurune naturala ere ikusgarria da. Gainera, Aizkorri eta Txindoki mendiek inguratzen dute, eta Oria ibaia dauka aldamenean. Erdi Aroko gune garrantzitsua Gasteizko Turismo Sailak dioenez, garai batean, Gaztelaren eta kostaren arteko merkataritza ibilbide nagusietako bat izan zen. Horregatik, Gipuzkoako hiri garrantzitsuenetakoa zen Erdi Aroan. Garai hartako xarma gordetzen du Segurako alde zaharrak oraindik. Obalo itxura dauka eta monumentu multzo izendatu zuten. Hortxe daude Jauregi eta Lardizabal jauregiak, monumentu historiko-artistiko izendatutako erretaula barroko-rococoa ageri duen euskal gotiko estiloko Jasokundeko Amaren parrokia eta Gebara zein Ardixarra etxeak, aparteko aipamena merezi dutenak. XVI. mendeko etxebizitza-lantegia da Ardixarra, gaur Erdi Eroko Interpretazio Zentroaren egoitza dena. Oso ondo mantendutako egurrezko egitura dauka. Bertan ezagutu ahal izango ditu bisitariak hirigunetik kanpo herriaren inguruak ezagutzeko egin daitezkeen ibilaldiak: Santa Barbara (730 m) mendira, Santa Engrazi auzora, Zerain herrira... Segura ezagutzeko edozein egun aproposa bada ere, esan behar da Aste Santuko prozesioek egin dutela herria ezagun. Guztiz errotura dago ohitura hori herrian, belaunaldiz belaunaldi egin izan dutelako. Bestalde, ekainean ospatzen dituzte San Joan zaindariaren omenezko jaiak. Aurreko asteburuan, Euskal Herriko dantza txapelketa egiten dute 1977az geroztik eta zenbait azoka urtean zehar: Erdi Arokoa eta loreena eta landareena, apirilean, eta Euskal Herriko hegaztiena, irailean.