bidaiari - bidaia aldizkaria

Bisita antzeztuak itzuli dira Lili Jauregira

Zestoako Lili Jauregiak martxoan hasi du bisita programatuen denboraldia. Andre Madalen, antzezpeneko protagonista, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea da. Langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakutsiko du berriz ere.

Jauregiaren txoko bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zestoako Lili Jauregira bisita gidatu antzeztuak itzuli dira martxoan, zehazki 9an. Bezperan, martxoaren 8an, Emakumeen Eguneko lelo eta aldarrikapenarekin bat egin zuen Lili Jauregiko antzezpenen denboraldi berriaren hasierak: “Zuetaz Harro”. Izan ere, Lilitarren linaiari hasiera eman ziona emakume bat izan zen eta, ondoren ere, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan da hainbat garaitan. Horregatik, guztiz bat egiten du belaunaldi gazteenen ahalduntzean adineko emakumeek egin duten ekarpena goraipatzearekin.

Lili Jauregiko webguneak zehazten duenez, “Lilitarren Ohorea” datu historikoetan oinarrituriko antzezpena da, ikerketa historikoetan oinarritutako gidoi landua duena. Andre Madalen da antzezpeneko protagonista, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea. Emakume langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakusten du.

Euskal matriarkatuaren eredu paregabea

«Antzezpenaren gidoia–diote antolatzaileek– eredu garbia da: Domenja Lili, linaiari hasiera eman zion emakumetik aurrera, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan zen. Euskal matriarkatuaren eredu paregabea ezagutu daiteke antzezpenaren bidez, modu arinean benetakotasunez beteriko istorioan oinarritua. Euskal Herrian emakumeek izan dituzten ardurak eta agintea nabarmentzen dira: Errenazimentuan lurrak eta ondasunak emakumeek beraien izenean hartu zitzaketen oinordekotzan baina Andre Madalenen kasuan , gainera, senarrak Lili Jauregiko negozioen kargu egiteko botere-idatzia eman zion». Guzti hau antzezpenean azaltzen da eta saioak beti talde txikitan egiten dira, ikusleak antzezpeneko parte izaten direlarik hasieratik.

Ondorengo mendeetan euskal emakumeak hainbat eskubide galdu egin zituen eta XX. mendea ondo sartu arte ez dira berreskuratu duela mende batzuk izan zituzten eskubide eta askatasun haiek. Zestoako Lili Jauregi historikoa eta ikusgarria da ‘Lilitarren Ohorea’ antzezlanaren benetako eszenarioa. Pertsonaia historikoekin eta hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin, Andre Madalenek bisitariak 1678. urtera eramaten ditu. Bidean, bakarrizketa baten bitartez, bisitariek jauregia eta nortasun handiko euskal emakume paregabearen istorioa ezagutuko dute.

Denboraldi berrian Andre Madalenen azalean herriko bi antzezle sartuko dira: Inma Izeta eta Maialen Kortadi.

2024ko egitaraua:

Martxoaren 9an hasita:

Larunbatetan: 16:30 (gaztelaniaz) eta 17:30 (euskaraz)
Igande eta jaiegunetan: 11:30 (gaztelaniaz) eta 12:30 (euskaraz)

Tarifak:

• Tarifa orokorra: 7 €
• Tarifa murriztua: 6 € (ikasleak, irakasleak, erretiratu eta pentsionistak).
• 6 urte baino gutxiagoko umeak: Doan.