bidaiari - bidaia aldizkaria

Santa Klara irlako ‘Hondalea’, ikusgai udaberri-Aste Santuko oporraldian

Martxoaren 28tik apirilaren 7ra, biak barne, izan go da ikusgai Cristina Iglesias artistaren ‘Hondalea’ instalazioa. Gainera, bost bisita ordu eskainiko dira egunero, iaz baino bat gehiago. Aurten, iaz ez bezala, ez da aldez aurretik erreserbarik egin beharko.

Instalazioaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara irlan egindako ‘Hondalea’ obra irekita egongo da publikoarentzat udaberri-Aste Santuko oporraldian eta, martxoaren 28tik apirilaren 7ra, biak barne, bost bisita ordu eskainiko dira egunero, iaz baino bat gehiago. Berrikuntza bezala, ez da aldez aurretik erreserbarik egin beharko, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez.

Bisitak egiteko orduak ondoko hauek izango dira: 11:30ean, 12:00etan, 12:30ean, 16:00etan eta 16:30ean. Iaz bezala, bisita bakoitzean gehienez 20 lagun sartu ahal izango dira, eta oporraldi honetan gehienezko bisitari kopurua 1.280 pertsonatik 1.100 lagunera gutxituko da.

Zazpi euro pertsonako

Sarrera doakoa izango da aurten ere, baina nork bere kabuz irlara joateko ontziaren sarrera erosi beharko du Donostiako portuan bertan, ‘Hondalea’ bisitatu nahi duen ordutegiaren arabera. Ontziaren prezioa 4 euro izango da pertsonako, joan-etorri zuzena eginez gero, eta 7 euro pertsonako, badian zehar itzuli luzeagoa egin nahi bada.

Iazko oporraldi berean 16 egunez bisitatu ahal izan zen Cristina Iglesias artista donostiarraren instalazioa, apirilaren 1etik 16ra, biak barne, baina bost egunetan bertan behera gelditu ziren bisitak denboraleagatik.

Hala, orotara, 804 bisitari izan ziren, eta eskainitako plazen %91 baino gehixeago bete ziren. Sexuari dagokionez, ez zen bereizketa nabarmenik izan emakumezkoen (%50,45) eta gizonezkoen (%49,55) artean. Bisitari gehienak donostiarrak izan ziren (%44,90), eta bisitarien batez besteko adin tartea 23 eta 60 urte artekoa izan zen.

Protestak

Dena dela, Aste Santuan Donostiako Hondalea instalazioa eta Santa Klara uhartea turistei irekitzea gogor salatu dute Haritzalde, Eguzki, Ekologistak Martxan, Parkea Bizirik eta Bizilagun elkarteek. Udaberrian hegaztiek bertan habia jartzen dutela gogoratu eta interes turistikoak lehenetsi direla salatu dute.