bidaiari - bidaia aldizkaria

Gasteizko turisten %73k ingurumen inpaktu «ertaina» edo «txikia» eragin zuten iaz

Gasteizera iristen diren turisten ingurumen aztarna neurtzeko Gasteizko Udalak martxan jarri duen kalkulagailuaren arabera, iaz hiriburua bisitatu zuten pertsonen %73k ingurumen inpaktu «ertaina» edo «txikia» eragin zuten.

Alde zaharreko irudia. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Iaz Gasteiz bisitatu zuten pertsonen %73k ingurumen inpaktu «ertaina» edo «txikia» eragin zuten, hiriburura iristen diren turisten ingurumen aztarna neurtzeko Gasteizko Udalak martxan jarri duen kalkulagailuaren arabera. Zehazki, 573 pertsonak erabili dute tresna, eta %46,77k ingurumen inpaktu «txikia» erregistratu du, %26,18k «ertaina» eta %27,05ek, berriz, «handia».

Kalkulagailu batek termometro batean islatzen du turista bakoitzak Gasteizera egindako bidaian sortutako ingurumen aztarna. Hala, ingurumen aztarna hori ezagutu dezakete hiria bisitatzen dutenek, eta hartzen duten erabaki bakoitzak baliabide naturalei nola eragiten dien ere ikus dezakete (hirira iristeko modua edo ekipajearen pisua).

«Neurri errazen bidez haien ingurumen aztarna murrizteko ideiak topatuko dituzte kalkulagailua erabiltzen dutenek. Horri esker, are gehiago gozatu ahal izango dute Gasteizera egindako bidaiaz, eta jasangarritasun turistikorako neurri berriak txertatzen lagunduko diote hiriari», esan dute Udaleko arduradunek.

Formularioa

Turismoak ingurumenari nola eragiten dion kalkulatzeko kontuan har daitezkeen irizpide guztien artetik, kalkulagailuak bereziki bi alderdi hartzen ditu aintzat: aldaketa klimatikoaren gaineko eragina eta ura agortzea.

Formularioa oso intuitiboa da. Bertan, bidaiari egokitzen zaizkion aukerak hautatu behar ditu pertsona bakoitzak (garraiobidea, ostatua, jatorduak, erosketak, hondakinak). Gero, kalkulu sistema batek zifra bat itzultzen du, oso modu bisualean, termometro baten itxurarekin: batek inpaktu klimatikoa neurtzen du eta besteak uraren agortzea.

Dena den, kalkulagailua ez da mugatzen bidaiariari datu hori ematera, aztarna hori nola murriztu dezakeen ere simulatzen baitu, bidaian aldaketa batzuk txertatuta, eta gomendio sorta bat eman.