2024 EKA. 14 Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, «gure Historia lurpetik ateratzen» Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora arte, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia ederraz gozatu Urdaibai biosferaren irudia. (Getty Images) Bidaiari Urdaibaiko aztarnategi arkeologiko nagusiak uztailean eta abuztuan bisitatzeko aukera eskaintzen zaie herritarrei. Ibilbide arkeologikoen egutegiak era guztietako bisitak biltzen ditu: tren turistikoan; oinez; arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituen eskutik; bisita bereziak zeinu-hizkuntzan... Gainera, programak bidaia bat proposatzen du denboran zehar: errealitate birtualaren bidez, Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eramaten gaitu. Aurtengo berritasunetako bat da Foruko erromatar herrixkan aritzen diren arkeologia-taldeak lanean ikusi ahal ditugula. Kultura eskaintza horrek, Bizkaiko historiako gertaera erabakigarriak ezagutarazteaz gain, natura-ingurunearen eta ondarearen zaintza eta jasangarritasuna bermatu nahi ditu. Horregatik, bisitak talde txikietan egingo dira; gainera, bisita batzuk oinez egingo dira, eta, beste kasu batzuetan, berriz, tren turistikoan, ahalik ta jende gehienak parte har dezan. Programak bost ibilbide gidatu ditu aztarnategi arkeologiko hauetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia). Arrolako oppiduma (Arratzu)Arrolako oppiduma (Arratzu) Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia ezagutzeko bisita birtuala izango da, tablet bat erabiliz. Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Arrola mendian kokatuta, Burdin Aroko sekulako talaia eta defentsa-ingeniaritzaren erakusgarria da. Bisita osatzeko, Arrolagune interpretazio-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitza bat erakusten da, garai hartako bizimodua azaltzeko. Erromatar herrixka (Forua)Foruko erromatar herrixkara egindako bisita birtualak iraganera eramaten gaitu, Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara. Tablet baten bitartez, herrixka duela ia 2000 urte nolakoa zen ikusi ahal dugu, eta horrela, historia eta kultur ondarea herritarrengana gehiago hurbiltzea lortzen da. Foruko erromatar herrixka Kristo ondorengo I. mendekoa da eta Elexalde mendixkan dago, Oka ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzean, Urdaibaiko bihotzean. Herrixka ez ezik, Tourseko San Martin eliza ere bisitatzen da. Eliza horren zoru beiraztatuaren azpian, erromatarren foroaren parte ziren eraikin ikaragarrien eta antzinako nekropolien aztarna baliotsuak daude, besteak beste.Tribisburuko nekropolia (Bermeo)Erromatarren garaiko errausketarako nekropoliaren hilobiak eta hileta-errituak ikusi ahal dira. Nekropolia Sollube mendian dago, eta duela 2.000 urte Urdaibaiko alde horretan bizi zirenek erabiltzen zuten.Ereñozar gaztelua (Ereño)Ereñozar mendiaren tontorra gaur egun Urdaibaiko estuarioaren zelataria da, eta hala izan da duela 1.000 urtetik hona, Tontorrean kokatutako ermita txikian kondaira eta historia batzen dira. Bertan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gaztelu baten eta geroagoko nekropoli baten aztarnak ikus daitezke. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzen ziren, XVI. mendean Ereñoko eliza eraiki baino lehen. Katillotxuko estazio megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka)Bizkaiko historiaurreko hileta-ohiturak eta -errituak ezagutzeko ezinbesteko bisita. Ibilbidea oinez egiten da, Katillotxu mendiko paisaia ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusten diren bitartean.