2024 IRA. 09 ‘Teseo Screpolato’, Etna gainean, 1.700 metrotara ‘Teseo Screpolato’. Hala du izena Igor Mitorajen aire zabaleko eskultura-erakusketa erraldoia osatzen duten 27 obretako batek. Artelanak benetan ikusgarriak dira, baita aukeratutako eszenatokiak ere, Siziliako aparteko lekuak baitira: Etna, Sirakusa eta Ortigia. ‘Teseo Screpolato’ eskultura. (F. VILLA | Getty Images) Bidaiari Obra liluragarri horietako hogeita bi Neapolisko parke arkeologikoan daude estrategikoki sakabanatuta, Sirakusan; beste bik, berriz, kokaleku berezia dute: Etna sumendia eta Maniaceko gaztelua Ortigian.Irudian agertzen den eskultura, brontzezkoa, 1.700 metrora dago, Etna sumendiaren labazko harrien gainean. Atzealdean, gasak eta lurrunak isurtzen dituzten krater aktiboak ikust daitezke. Maniace gazteluaren parean dagoen obra, bestalde, ‘Ikaria’ da. Surrealismoa eta sinbolismoa ‘Lo Sguardo Humanitas-Physis’ du izenburu erakusketak. Artista poloniarrak aire zabalean orain arte egin duen handiena da. Erakutsitako lanak 1993 eta 2014 urte bitartean eginak dira, brontzez, burdinaz, trabertinoz eta erretxinaz. Adituek diotenez, Mitorajen estiloak surrealismoa eta sinbolismoa tradizio klasiko eta erromatarrarekin uztartzen ditu, naturarekin elkarrizketa emankorra sortuz. Horrexegatik integratzen omen dira primeran paisaian.Mitorajen lanak bisitaria gonbidatzen du Ikaroren bidaia espirituala aztertzera, kontzientziarantz eta askatasunerantz, existentziaren erronkei aurre eginez eta naturarekiko harmonia berraurkituz.Erakusketak, edertasun artistikoa goraipatzeaz gain, galdera sakonak planteatzen ditu gizakiak munduan eta historian duen patuari buruz, eta ikusleak animatzen ditu begirada altxatzera eta barruko isiltasunaren dimentsioan argia eta edertasuna aurkitzera.