2024 IRA. 13 Parisko hotelen prezioak %66 igo ziren Joko Olinpikoen garaian Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean, turisten kopurua %15 igo zen (aurreko urteko egun horiekin alderatuz gero), 1,5 milioira arte, Parisen, Joko Olinpikoen eraginez. Jakina, hotelen prezioak nabarmen igo ziren: gau bakoitza 310 eurokoa izan zen, batez beste. Hotelen prezioak nabarmen igo ziren Parisen. (Getty Images) Bidaiari Joko Olinpikoetan, Pariseko hotelen prezioak %66 igo ziren 2023ko aldi beraren aldean. Gauak 310 eurokoak izan ziren, batez beste eta okupazio-tasa, berriz, 10,1 puntukoa izan zen, %84ra igota. Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean, turisten kopurua %15 igo zen (aurreko urteko egun horiekin alderatuz gero), 1,5 milioira arte, Estatu frantseseko bisitarien kopurua %22 hazi baitzen eta atzerritarrena, berriz, %9, Choose Paris Region erakunde publiko-pribatuak ohar batean nabarmendu duenez. Atzerritarrak Atzerritarren artean, ugarienak britainiarrak (197.000, +%17), estatubatuarrak (180.000, +%6) eta alemaniarrak (126.000, %33) izan ziren, baina brasildarrak izan ziren gehien hazi zirenak, %82, 50.000 bisitarirekin. Halaber, honako datu hauek nabarmendu dituzte: espainiarrak (83.000, +%4), belgikarrak (83.000, +%40), italiarrak (65.000 -%22), Herbehereak (64.000, +%5), txinatarrak (49.000, +%48) eta kanadarrak (34.000, +%1). Urtearen lehen erdian, Paris eskualdeko turisten bolumena %3 hazi zen, 22 milioi pertsona baino gehiagorekin; horietatik 12 milioi baino gehiago Estatu frantseseko bisitariak izan ziren (+%3) eta beste 10 milioi, atzerritarrak (+%4). Choose Paris Regionek uste du Joko Olinpikoek eta Paralinpikoek eragina izan dutela, jada, Frantziako Uharteko (Paris eta inguruak hartzen dituen eskualdea) erakargarritasun turistikoan, eta dinamika horren lehen ondorioak aire-erreserbetan ikusi ahal izan direla; izan ere, %7 igo dira urrirako (2023ko hilabete horretako datuekin alderatuz gero), eta %6 azarorako.