2024 IRA. 20 Montehermoso Kulturunea, «interakzio»en bidez artea irisgarri egiteko eszenatokia Gasteizko Montehermoso Kulturunea arte garaikidea herritarrei hurbiltzeko solasaldi zikloaren eszenatoki bihurtuko da urritik abendura bitarte Zas Kultur Espazioaren eskutik. Tokiko artistek sormen prozesuak eta lan metodologiak azalduko dituzten giro hurbilean. Saioen kartela. (Gasteizko Udala.) Bidaiari Arte garaikidea herritarrei hurbiltzeko solasaldi zikloa izango da urritik abendura bitarte Gasteizko Montehermoso Kulturunean, Zas Kultur Espazioaren eskutik, 'Interakzioak' izenburupean. Guztira, sei saio izango dira, zeinetan hiriko panorama artistikoa aberasteko ekarpena egin duten tokiko artistek beren sormen prozesuak eta lan metodologiak azalduko dituzten giro hurbilean eta era ulergarrian. Ekimenaren arduradunek aurkepenean azaldu dutenez, zikloaren saio bakoitza Zas Kultur Espazioko taldekide baten eta artista gonbidatuaren arteko elkarrizketa izango da, eta bertaratutakoek ere parte hartzeko aukera izango dute. Espazio irekia izatea sustatuko da, herritarrek galderak egin ahal izateko eta arte garaikidearekin lotutako gaiei buruz eztabaidatzeko. Garrantziagatik eta tokiko panorama artistikoari egindako ekarpenarengatik aukeratutako artistak gonbidatuko dira, beraien lanei, metodologiei, interesei eta proiektu espezifikoei buruzko ikuspegi aberats eta askotarikoa eskaintzeko. Hautaketa egitean, helburua izan da banakako ibilbide pluralak eta lantzen dituzten askotariko bitarteko artistikoak islatzea, baita ikuspegi eta begira desberdinak ere. Saioak eta gonbidatuak Programak sei saio izango ditu urria eta abendua bitartean. Guztiak 19:00etan hasiko dira, Monterhermoso Kulturguneko Ortuño aretoan. Sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte. Honako hauek izango dira artista gonbidatuak: Itzal Garcia (urriak 3), Jon Gorospe (urriak 24), Nuria Perez-Carcamo (azaroak 14), Gala Knörr (azaroak 28), Mel Arranz (abenduak 5) eta Pepo Salazar (abenduak 19). Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailaren esanetan, batzuetan artea «esklusiboa edo gutxi batzuentzat» dela iruditzen zaigu. «Alabaina, artea adierazteko modu irekia, askotarikoa eta librea da. Adierazteko modu unibertsala da eta publiko guztientzat eskuragarria egon beharko luke». Horregatik, herri erakundeen betebeharra da «artea irisgarri egitea, oztoporik gabe, askotan horrek eragozten baitu pertsonek artearekin konektatzea». «Tokiko artistentzat plataformak eskaini behar ditugu, eta espazioak sortu publikoak artearekin zuzenean eta modu ulergarrian interakzioa izan dezan. Elkarrizketa hauek nahi dugunaren adibide argia dira. Artea modu erraz eta dibertigarri batean hurbiltzeko adibidea», Udalaren ustetan.