2024 URR. 02 Bermeoko Turismo bulegoak 14.294 bisitari hartu ditu udaldian, iaz baino gutxiago Aurten iaz baino bisitari gutxiago izan ditu Bermeoko Turismo bulegoak. Zehazki, 14.294 lagunek eskatu dute informazioa bulegoan ekainaren 1etik irailaren 30era. Arrazoia omen da informazioarekin iristen direla herrira kanpotarrak. Bermeoko Arrantzale Museoa. (Gorka RUBIO | FOKU) Bidaiari Bermeoko Turismo bulegoak 14.294 bisitari hartu ditu ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. Beraz, aurreko urteekin alderatuta, erabiltzaile kopuruak behera egin du, bisitariak «gero eta informazio gehiagorekin etortzen baitira beren jatorrizko lekuetatik», Turismo Bulegoko arduradun Bego Gangoiti Cangak esan duenez. Udaldiko turismo datuen arabera, eguneko bisitarien kopuruak behera egin du, baina gora egin du «nabarmen» udalerrira astebete pasatzera heldutako turistak. Aldaketa horren ondorioz, gaur egun, turistek kontsulta sakonagoak egiten dituztela aipatu du Gangoitik: «Turistek dakarten informazioa lehen bi egunetarako agortzen zaie, eta, gero, informazio pertsonalizatuagoa behar dute gainontzeko egunetarako». Udako hilabeteak kontuan hartuta, urtero modura, abuztua izan da jendetsuena, 6.868 bisitari pasa baitziren Turismo Bulegotik; ondoren datoz uztaila (3.448), ekaina (2.060) eta iraila (1.918). «Apur bat arraroa» Uztaileko turismo jarduera nabarmendu du Gangoitik, aurtengoa «apur bat arraroa» izan dela aipatuta, eta sektoreak berak ere hala diola gaineratu du. «Eguraldi ezegonkorra egon da, estatuko merkatuko gure bisitarien profilaren artean daudenak nazioarteko bidaietara jo dute. Ondorioz, uztaila hilabete txarra izan da turismoari dagokionez», azaldu du. Bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak Espainiako Estatukoak izan dira eta beste herrialdeetakoen artean, frantsesak nabarmendu dira. Azkenik, Turismo Bulegotik Gaztelugatxera joateko autobus eta gidari zerbitzua eskaini dira uztailean eta abuztuan. Guztira, 5.200 sarrera egon dira salgai, eta 3.914 saldu dira, hau da, %75,26. Sarrera salmenten zenbatekoa goraka doa, zerbitzua gero eta gehiago ezagutzen delako. Abuztuko hiru astetan, sarreren %100a saldu zen. 2025erako helburua, gutxienez, sarreren %80a saltzea litzatekeela aipatu du Gangoitik.