2024 AZA. 28 Turismo sektorean eta gazteen artean desberdintasunak identifikatzeko gidak argitaratu ditu Emakundek Emakunde Enmakumearen Euskalo Erakundeak bi gida sektorial berri argitaratu ditu, generoaren araberako eraginaren txostenak egiten parte hartzen duten administrazio publikoko pertsonei laguntzeko. Turismoa sektorean eta gazteen artean desberdintasunak identifikatzean jarri du arreta oraingoan. Emakunderen gida bat. (Emakunde) Bidaiari Emakundek jakinarazi duenez, argitaratu berri dituen gidak administrazioan ari direnei zuzenduta badaude ere, sektore desberdinetan dauden desberdintasun nagusiak identifikatu eta sektore horietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz dauden agindu espezifikoak ezagutu nahi dituzten pertsona guztientzat ere baliagarriak izan daitezke. Gida berriek gazteria eta turismoa jorratzen dituzte, eta, besteak beste, kulturari, justiziari, ingurumenari edo osasunari buruz daudenei gehitu zaizkie. Gazteei dagokienez (EAEko biztanleriaren %14,8), gazteen arteko desberdintasunak ulertzeko funtsezko datuak ematen dira, hala nola hezkuntzaren STEM adarretan oraindik emakume gazte gutxiago egotea edo lan eremuko desabantailak. Autonomia ekonomikoa «Langabezia tasa edo lanaldi partzialeko enplegu tasa handiagoak eta lan baldintza okerragoak dituzten sektoreetan presentzia handiagoa izateak eragiten du emakume gazteek autonomia ekonomiko txikiagoa izatea eta, beraz, bizimodu independentea izateko zailtasun gehiago izatea», azaldu du Emakundek. Halaber, dokumentuak nabarmentzen du antsietate, depresio sintomen eta adikzioen prebalentzia handiagoa dela emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Gainera, belaunaldi berriak indarkeria matxisten aurrean gero eta sentsibilizatuago dauden arren, emakume gazteen aurkako indarkeriak gora egin du modu guztietan, bereziki indarkeria digitalean. Turismo sektoreari buruzko gidari dagokionez, eremu feminizatua dela nabarmentzen du, hala ikasketetan nola lanbideari dagokionez. Sektoreko emakumezko langileek gizonek baino lan baldintza okerragoak dituztela dio, eta sektorearen feminizazioak ez duela esan nahi emakumeak gehiago direnik erantzukizuneko karguetan.