2024 ABEN. 23 Gorlizko Turismo Bulegoak Enpresa Turistiko Adimendunaren ziurtagiria lortu du Gorlizko Turismo Bulegoa ‘UNE 178510:2023 Empresa Turística Inteligente (ETI)’ izeneko ziurtagiria lortu du, egiaztapen hori eskuratzen duen munduko lehen erakundea izanik. Aitorpenaren arabera, Gorlizko Turismo Bulegoa «aitzindari eta eredu da turismo adimendun, jasangarri eta irisgarri baterako trantsizioan». Gorlizeko hondartza. (Aritz LOIOLA | FOKU) Bidaiari Basquetou Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solanak eman du ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren izenean. Gorlizko alkate Ekaitz Pau Altunak, Turismo Bulegoko arduradun Nerea Gori Telletxeak eta Aenor Euskadi erakundeko Gonzalo San Antoniok parte hartu dute ekitaldian. Berrikuntza, jasangarritasun, irisgarritasun eta kudeaketa turistikoaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa aitortzen du ziurtagiriak, «Gorliz turismoaren eraldaketa digital eta jasangarriaren erreferente gisa sendotuz», bere arduradunek nabarmendu dutenez. Aenor erakundeak emandako ziurtagiriak bisitariaren esperientzia optimizatzen, zerbitzuen eraginkortasuna hobetzen eta datuen erabilera estrategikoaren bidez garapen jasangarria sustatzen duten enpresak bermatzen ditu. SICTED eta Kalitatearen Q bezalako programen bidez kalitate turistikoan egindako ibilbideagatik nabarmentzeaz gain, Gorlizko Turiso Bulegoak proiektu berritzaileetan lan egin du, besteak beste, berrikuntza foroetan, IKTen erabileran eta Smart Business programan. UNE 178510 araua Basquetourrek lagundu dio Gorlizko Turismo Bulegoari UNE 178510 araua ezartzeko pilotajean. Estandar horrek baldintzak eta adierazleak ezartzen ditu enpresak turismo erakunde adimendun bihurtzeko. Ahalegin horri esker, bulegoak datuetan oinarritutako kudeaketa sistema integral bat diseinatzea lortu du, erabakiak modu eraginkor eta estrategikoagoan hartzeko oinarriak ezarriz. Uribe eskualdeko testuingurua ere funtsezkoa izan da. Izan ere, Helmuga Turistiko Adimendunen metodologia egokitzen parte hartu du udalaz gaindiko eskalan, SEGITTURek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako lanari esker. Eredu berritzaile horrek, 24 udalerrik osatutako eskualde bati aplikatuta, indartu egin du eskualdeak turismoa eredu modernoago eta lehiakorrago baterantz eraldatzeko duen gaitasuna.